Hauteslekuetara joko dute adin nagusiko herritarrek gaur, beste behin; oraingoan, Europar Parlamenturako ordezkariak aukeratzeko. Goizeko 09:00etan irekiko dituzte hauteslekuak, eta iluntzeko 20:00ak arte izango da botoa emateko aukera, 33 hautagaitzaren artean, Espainiar estatuaren kasuan.
Hautagaitza horietatik, Espainiako alderdi politikoenak dira batzuk, PSOE, PP, Podemos eta Sumar kasu; baina beste batzuek koalizioak osatu dituzte Europako hauteskundeetara aurkezteko. Gurean, esaterako, hala gertatu da EH Bildurekin, EAJrekin eta Geroa Bairekin. EH Bilduk Orain Errepublikak izeneko plataforma osatu du, Kataluniako ERCrekin eta Galiziako BNGrekin batera, eta Pernando Barrena izango du zerrendaburu EAEn eta Nafarroan. EAJk eta Geroa Baik, berriz, Coalición por una Europa Solidaria (CEUS) koalizioa osatu dute Coalición Canaria, Compromiso por Galicia, Baleareetako Proposta per les Illes eta Democrates Valencians alderdiekin batera. EAEn Oihane Agirregoitia izango dute zerrendaburu, eta Nafarroan Amaia Arrizabalaga.
Honakoak dira gainerako hautagaitzak Espainiar estatuan: Izquierda Española, Frente Obrero, Junts i Lliures per Europa, Ahora Andalucía, Iustitia Europa, VOX, Escaños en Blanco, Corriente Revolucionaria de los Trabajadores, Feministas al Congreso, Partido Comunista de los Trabajadores de España, Coalición Partido Comunista de los Pueblos de España, PACMA, Cree en Europa, Pais i Moviment Rural, Se Acabó la Fiesta, Futuro, Existe, Ciudadanos, Falange Española de las JONS, Soberanía Alimentaria Española, Juntos por Extremadura, Partido Humanista, VOLT, Recortes Cero, Extremeños Prex Crex, Partido Galego eta Pirates-Rebeldes.
Denera 61 eurodiputatu hautatuko dituzte herritarrek, Espainia mailan, gaurko hauteskundeetan; eta 720 diputatuk osatuko dute Europar Parlamentua, herrialde guztien artean.