Astigarragak 0-3 gainditu du Zestoa eta Hernanik 3-0 galdu du Aian

Kronika - Erredakzioa 2024ko eka. 4a, 00:00

Galdos eta Arrosagaray. Espainiako finalera sailkatu dira.

Astigarragak 0-3 gainditu du Zestoa eta Hernanik 3-0 galdu du Aian

 

Astigarragak aurrera pauso haundia eman zuen Itziarren, Herriarteko paleta gomazko final laurdenetan, pasa den urteko txapelaren defentsan. Joaneko hiru partiduak irabazi zituen Zestoaren aurka eta finalerdia ezin gertuago dute astigartarrek. 

Buruz buruko partiduan Asier Salaberriak 15-20 lortu zuen garaipena eta lehenengo puntua eskuratu zuen. Binakakoan Mikel Txoperenak eta Beñat Zubiarrainen ez zieten aukerarik eman bikote zestoarrari eta 4-20 menderatu zituzten. Banaka zazpi barruan Ganix Urdangarinek ere erraz lortu zuen garaipena, 11-20.

Hernaniri ez zitzaion horren ondo joan kanporaketako joaneko jardunaldia. 3-0 galdu zuten Aian. Endika Ramosek 20-17 galdu zuen buruz burukoan. Binaka Imanol Galartza eta Ander Larretxea 20-9 erori ziren eta banaka zazpi barruan, Mikel Manterolak ezin izan zuen punturik lortu, 20-15 galduta. Itzulerako partiduetan buelta ematea kanporaketari zaila izango da.  

 

Galdos eta Arrosagaray, finalistak

Bestetik, Espainiako Trinkete Txapelketan, gomazko paletan, Hernanik bikote ordezkari bat izango du finalean. Leire Galdos (Oiartzun) eta Izaskun Arrosagaray (Luzaide) Hernaniko bi ordezkariek finalerdia irabazi zuten Oberenaren aurka, 2-0. Lehenengo seta 7-15 irabazi zuten eta 12-15 bigarren seta. Asteburuan finala jokatuko dute Errekaleor taldearen aurka.

Errekaleor izan zen Hernani klubeko bikoteen arteko finala ekidin zuena. Amaia Irazustabarrena eta Maider Mendizabal bikoteak 0-2 galdu zuen. Bi setetan hamaikanako berdinketa lortu eta gero, 11-15 eta 11-15 galdu zituzten bi jokoak. Finala larunbatean izango da Mendillorriko trinketean.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!