Euskal Ligara jokoan Hernaniko mutil kadeteek, eta Kopako finala Mundarroko lehen mailako erregionalek

Kronika - Erredakzioa 2024ko eka. 1a, 00:00

Mundarroko lehenengo mailako mutil erregionalen taldea.

Zubipen jokatuko dute igoerako triangularra berdeek, gaur goizeko 10:30etan hasita, Cultural de Durangoren eta Etxezarra Zuriaren kontra. Astigartarrek Tolosa izango dute kontrario Kopako finalean, gaur 16:30etan Andoainen.

Bere azkenetan da aurtengo futbol denboraldia, eta talde gehienek hasi dute atsedenaldia dagoeneko. Baina badira, oraindik ere, oso hitzordu garrantzitsuak dauzkatenak. Eta gurean, horietako bi dira Hernaniko mutil kadeteen talde nagusia, eta Mundarroko mutilen lehenengo mailako erregionalena. 

Berdeek Euskal Ligarako igoera izango dute jokoan gaur, etxean. Triangularra jokatuko dute Zubipen, goizeko 10:30etan hasita, Cultural de Durangoren eta Gasteizko Etxezarra Zuriaren kontra. Bina partidu jokatuko ditu talde bakoitzak, eta gaurko onenak lortuko du igoera, datorren denboraldian Euskal Ligan aritzeko.

Denboraldi bikaina osatu du Hernanik, Gipuzkoako Ohorezko Mailan bigarren sailkatuta, Real Sociedad B taldearen atzetik; baina Realak igotzerik ez daukanez, berdeek izango dute igoera lortzeko aukera: Bizkaiko eta Arabako talde onenak menderatu beharko dituzte horretarako.

Kopako finala Andoainen, Mundarrok

Mundarrok, bere aldetik, Kopako finala jokatuko du gaur arratsaldean; 16:30etan hasita, Ubitarte zelaian. Tolosaren kontra ariko dira moreak, torneo bikaina borobiltzeko. Oso partidu gogorra izango dute, baina astigartarrek erakutsi dute edonoren kontra lehiatzeko gai direla.

Aurreko asteburuan, Intxurre menderatu zuten semifinaletan, Zarkumendegin. Partidu haundia jokatu zuten moreek, eta 4-2 nagusitu ziren, finalerako txartela lortzeko. 37garren minutuan sartu zuten aurreneko gola, Godoyren eskutik, markagailuan aurretik iristeko atsedenaldira. Bigarren zatia hasi eta beherehala berdindu zuen Intxurrek, eta bigarren gola ere sartu zuen 53garren minutuan, 1-2 aurreratzeko. Azkar erreakzionatu zuten astigartarrek, eta 65ean orekatu zuten markagailua berriro, Beldarrainen golarekin.

Hortik aurrera, erritmo eta tentsio biziko partidua jokatu zuten bi taldeek, baina ez zen beste golik izan, eta berdinduta bukatu zuten. Horrela, luzapenean jokatu zuten finalerako pasea. Pilatutako nekeari aurre eginez, beren indarra eta joko maila onena erakutsi zuten moreek, eta Becerrilen eta Godoyren gol banarekin lortu zuten garaipena.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!