Epea zabalik, merkataritza saltokiak modernizatzeko laguntza eskatzeko

Kronika - Erredakzioa 2024ko eka. 1a, 00:00

Diruz lagunduko dira saltokiaren irudia berritzeko zein teknologia berriak ezartzeko inbertsioak, iazko urritik aurtengo irailera.

Merkataritza saltokiak modernizatzeko dirulaguntza programa jarri du martxan Eusko Jaurlaritzak, eta diruz lagunduko ditu 2023ko urriaren 1etik 2024ko irailaren 30era egindako inbertsioak. Laguntzak eskatzeko epea zabalik dago apirilaren bukaeratik, eta internet bidez egin behar da, Eusko Jaurlaritzako Turismo, Merkataritza eta Kontsumo Sailaren webgunean.

Bi motatako inbertsioak lagunduko dituzte diruz. Alde ba­te­tik, saltokiaren irudia berritzeko egindakoak, jarduera garatzeko beharrezkoak diren altzarietan eta ekipamenduetan egindako obra eta inbertsioak. Laguntza es­katu ahal izateko, inbertsioak 3.000 euro gehi BEZekoa izan beharko du gutxienez, eta inbertsioaren %40 lagunduko da diruz.

Bigarren lerroa teknologia be­­rriei eta berrikuntzei dagokie. Hel­burua da enpresaren kudeaketa hobetzeko ekipo eta aplikazio informatikoak txertatzea, zerga-araudira egokitzea eta webguneen bidez produktuak merkaturatzea sustatzea. TicketBAI sistemara egokitzeko inbertsioak onartuko dituzte, baina ez mantenimendu gastuak. Lerro honetan, 1.000 euro gehi BEZekoa izan beharko da inbertsio minimoa, eta %40a lagunduko da diruz.

Dirulaguntza haunditu egin daiteke zenbait baldintza beteta: enpresak 10 urtetik gorako antzi­natasuna izatea, emakume­aren enplegu-egonkortasuna, merka­­ta­rien elkarte bateko bazkide iza­tea, Bai Euskarari!, Bikain edo Euskaraz Barra Barra ziurtagiriak, komunitate energetiko bateko kide izatea... Edozein kasutan, dirulaguntza ezingo da izan 10.000 euro baino haundigoa, eta ezta inbertsioaren %52 baino haundiagoa ere.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!