Hileko azkeneko asteartea izanik, gaur egingo dute maiatzeko plenoa, Astigarragako eta Hernaniko udalek. Ohiko ordutegian egingo dituzte, udaletxe bakoitzeko pleno aretoan: arratsaldeko 18:00etan Hernanin, eta 19:00etan Astigarragan.
Zortzi puntu landuko ditu Hernaniko Udaleko plenoak. Aurreko bi plenoetako aktak onartu ondoren, azkeneko dekretuen berri emango dute, eta baita kontu-hartzailearen barne kontroleko txostenaren berri ere. Laugarren puntuan, 2024ko Udal Aurrekontuan kreditu aldaketak egiteko proposamenak eztabaidatu eta bozkatuko dituzte. Udal ondasunen inbentarioaren eguneraketa ere izango dute hizpide. Seigarren puntuan, berriz, bozkatuko dute Hernaniko Udalaren eta Ereñotzuko Auzo Udalaren 2023ko kontu orokorrak ontzat ematea. Eta bukatzeko, aukeratuko dute Haurreskolen Partzuergoan zein izango den Hernaniko udalbatzaren ordezkaria: Axier Mingo hezkuntza zinegotzia izatea da proposamena.
Astigarragan, berriz, bederatzi puntuko gai-ordena izango dute lantzeko. Aurreko plenoen aktak onartuta, proposamen bat eztabaidatuko dute aurrena: osoko bilkuraren eskumen batzuk gobernu batzordeari eskuordetzekoa. Kreditu aldaketei behin betiko onarpena emango diete ondoren. Mahai gainean jarriko dute, baita ere, udal eraikin, bulego eta instalazioak, eta ikastetxeak garbitzeko zerbitzu-kontratua. Aldaketa zehatz bat egingo dute 2024ko langile zerrendan eta plantilla organikoan, bateragarritasun eskaera bati erantzungo diote, eta eztabaidatuko dute Oinherri Herri Hezitzaileak Sustatzeko Elkartearen bazkide izatea. 2025eko jaieguna izendatzeari dagokio azkeneko puntua, galdera eta informazio eskeen aurretik.