Emaitza ona lortu zuen Andoni Mujikak Pasaian jokatutako saioan

Kronika - Erredakzioa 2024ko mai. 28a, 00:00

Andoni Mujika 'Anatx', Pasai Donibaneko saioan.

Alegiko saioan hirugarren geratu zen Eli Pagola eta seigarren Iker Ormazabal 'Tturko'. 

Pasa den asteburuan jokatu ziren Gipuzkoa Bertsotan sailkapen faseko bigarren itzuliko saioak. Larunbatean Pasaian aritu zen Andoni Mujika 'Anatx', eta igandean Alegian Eli Pagola eta Iker Ormazabal 'Tturko'. 

Anatxek lehenengo itzuliko puntuaketa nabarmen hobetzea lortu zuen; 320,5 punturekin hirugarren postuan amaitu zuen saioa, eta sailkapen orokorrean postu batzuk igotzea lortu du. Ondorengoa izan zen saioko puntuaketa: Ane Zuazubiskar Iñarra (340), Unai Izagirre Etxeberria (324), Andoni Mujika Izagirre (320,5), Gorka Maiz Alustiza (309,5), German Urteaga Garmendia (309) eta Antton Fernandez Lasa (297). 

Alegiako saioan zertxobait apalagoak izan ziren Hernaniko Bertso Eskolako bertsolarien emaitzak. Pagola hirugarren sailkatua izan zen 313 puntu eskuratuta, eta Tturko seigarren geratu zen 281,5 punturekin. Saioko sailkapena honakoa izan zen: Jon Gurrutxaga Urbieta (341), Endika Igartzabal Murua (325,5), Eli Pagola Apezetxea (313), Ane Beloki Lopez (306,5), Oier Etxeberria Zubimendi (305,5) eta Iker Ormazabal Ojeda (281,5). 

Asteburu honetan amaituko da Gipuzkoa Bertsotan fasea

Sailkapen faseko azken lau saioak asteburu honetan izango dira. Horietako bat, B multzokoa, Biteri kultur etxean izango da, igandean, 17:00etatik aurrera. 

Saio horiek amaitzean, multzo bakoitzean puntu gehien eskuratu dituzten 17 bertsolariak sailkatuko dira udazkenean jokatuko den Gipuzkoako Bertsolari Txapelketara. 

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!