Hernani final laurdenetara pasa da itzulerako partiduetan sustoa hartuta

Kronika - Erredakzioa 2024ko mai. 28a, 00:00

Alize Sagarduik eta Araitz Legarretak lehenengo postua lortu dute.

Azkoitian 3-0 galdu zuen, eta joanekoan lortutako aldeko tanteoak erabaki du kanporaketa bere alde.

 

Hernanik 3-0 galdu zuen Azkoitian pasa den ostiralean, finalzortzirenetako itzulerakoan, baina joaneko hiru garaipenetan lortutako tanteoari eskerrak pasa da final-laurdenetara. 

29 tanto nahikoak zituen Hernanik kanporaketa gainditzeko eta bigarren partidua amaituta 25 tanto lortuak zituen, baina biak galdu zituen taldeak. Kadeteetan, Amets Makatzagak eta Manex Alberdik 22-4 galdu zuten eta jubeniletan, Xuban Iturbek eta Oihan Legarretak 22-21 galdu zuten. Beraz, nagusien partiduan lau tanto egitearekin nahikoa zuten hernaniarrek. Xabier Salaberriak eta Markel Lizeagak berehala egin zituzten lau tantoak eta arnas hartu zuten bisitariek. Sustoa gaindituta, azkenean, hirugarren partidua ere galdu egin zen, 22-15, baina etxeko lanak egin zituzten aurretik. Hurrengo aurkaria Oiartzun izango du Hernanik asteburu honetan.

Bestalde, hainbat txapelketa jokatzen ari dira Hernaniko pelotariak eta azpimarratzekoa da Xabier Apaolaza Master Kaiola txapelketa famatuko finalean izango dela, Ekhi Irribarriari 22-17 irabazita. Finalean Dimako Txumuluxueta klubeko Xabier Rekalde izango du aurrez aurre.

 

Araitz Legarreta eta Alize Sagardui, garaile Nafarroako Kirol Jokoetan

Bestetik, Nafarroako Kirol Jokoetan, albiste onak iritsi dira bailarara. Alize Sagardui eta Araitz Legarreta bikote goizuetarrak lehenengo postua lortu dute neska kadeteetan lehenengo mailan. Umore Onako bikoteak Oberenako Crespo eta Sarratea gainditu zituzten 22-15 Lesakan jokatutako partiduan. 

Alize Sagardui garaipenak pilatzen ari da eta hurrengo helburua IV. Nafarroako Foru Komunitateko Torneoa irabaztea izango da. Pilota mistoan, eskuz binaka, Uxue Gomezekin batera, 18-3 lortu zuen garaipena Ezki Ariztiren eta Ainhitze Arratibelen aurka. Altsasun jokatu zen finalerdia eta finala datorren igandean jokatuko dute.

Albiste guztiak ez dira aldekoak izan. Gazteen Herriartekoan Leitzak erraz gainditu zuen Goizueta. Hiru mailetan irabazi zuten leitzarrek Amazabalen. Sein mailan 18-4 galdu zuten Larralde eta Lujambiok.  Kimuetan, Zabala eta Elizegi 10ean geratu ziren, eta haurretan Alsuak eta Salaberriak 18-8 galdu zuten.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!