Penaltietan irabazita, Euskal Kopako semifinaletara sailkatu da Hernani

Kronika - Erredakzioa 2024ko mai. 28a, 00:00

Cesiak sartu zituen bi golak.

Elorriorekin bina berdindu, eta aurrera egin zuten penaltien txandan. Alavesen kontra ariko da orain, ostiral arratsaldean Durangon.

 

Euskal Ligako zortzi onenetan bukatu ondoren, Euskal Kopa lehiatzen ari da Hernani, eta ezin hobeto ekin dio: Elorrio menderatu zuen igandean, partiduan bina berdindu eta penaltietan 2-3 nagusituta. Oso partidu zaila zeukaten berdeek, Elorrion bertan, ligako laugarren sailkatuaren kontra. Bizkaitarrek hartu zuten aurrea markagailuan, 32garren minutuan gola sartuta. Denbora luzez izan ziren 1-0ekoarekin, baina zoratzekoa izan zen azkeneko ordu laurdena: 75garren minutuan berdindu zuen Cesia Sotok, eta 85ean bigarren gola lortu zuen Cesiak berak, 1-2 aurreratzeko. Hortik bi minutura lortu zuen berdinketa Elorriok, ordea, eta penaltietan jokatu zuten semifinaletara pasea. Bosna penalti bota zituzten bi taldeek, eta hiru sartu zituzten berdeek, kontrarioek baino bat gehiago.

Orain, Alavesen kontra ariko dira semifinalean, atzo eguerdiko zozketak hala erabakita. Ostiral arratsaldean jokatuko dute, 17:00etan Durangoko Tabira zelaian. Haien partiduaren segidan jokatuko dute beste semifinala Eibarrek eta Real Sociedadek, 19:15etan. Bi talde irabazleek igandean jokatuko dute finala, 12:00etan, Tabiran bertan.

Hernaniko mutilen talde nagusiak, bere aldetik, porrotarekin bukatu zuen liga, Ohorezko Erregional Mailan. 3-1 galdu zuen Galen, Real Unionen kontra. Horrela, 13garren postuan bukatu du denboraldia, 38 punturekin.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!