Sei ordu azpitik iritsi ziren Zegamako helmugara, bailarako lau ordezkariak

Kronika - Erredakzioa 2024ko mai. 28a, 00:00

Hodei Lujanbio, igandean Aizkorrin gora. Argazkia: Aitor Urkia Etxeberria

Hodei Lujanbio izan zen lauetan azkarrena, Zegama-Aizkorri mendi maratoia 4:33:19 denboran osatuta.

Igandean jokatu zen Zegama- Aizkorri mendi maratoia, sekulako jendetza elkartuta: milaka zale bertaratu ziren lasterketa bertatik bertara ikustera, ibilbide osoan zehar; tartean, Urumea bailarako herritar asko eta asko.

Festa hori barrutik bizitu zutenak, bailarako lau mendi korrikalari izan ziren, eta denek lortu zuten mendi maratoia osatzea. Sei ordu azpitik helmugaratu ziren lauak, gainera. Hodei Lujanbio goizuetarra izan zen azkarrena, bere erregistrorik one­­na markatu eta 4:33:19 denboran bukatuta, 76garren postuan. Hiru minutu beranduago helmugaratu zen Anartz Artola hernaniarra (4:36:09), 88ga­rren; eta ez zen aparte izan Sergio De Oliveira astigartarra ere, 4:45:31 denboran helmugaratuta, 122garren. Aitor Lizaso herrikideak 5:39:55 denboran osatu zuen mendi maratoia, 239garren. Guztira, 475 iritsi ziren Zegamako helmugara, abiatu ziren 511 korrikalarietatik.

Bi egun lehenago, ostiral arratsaldean, Kilometro Bertikala ere jokatu zuten Zegama-Aizkorriren baitan. Bertan aritu zen Ander Amonarriz hernaniarra, eta 16garren izan zen, 236 partehartzaileren artean. 39:47 denboran osatu zuen ibilbidea: 5,2 kilometro, 1.015 metroko desnibel positiboarekin.

Beste mendi lasterketa bat jokatu zen larunbatean, Goierrin bertan: Zaldibiko Mendi Lasterketa, 28 eta 15 kilometroko bi distantziarekin. Proba luzean aritu zen Jon Ander Olazabel hernaniarra, eta 18garren sailkatu zen, 2:57:18 denborarekin. Laburrean, 93garren izan zen Aritz Zuaznabar astigartarra (1:46:34).

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!