Hernaniko eta Ereñotzuko lurretan parke eoliko bat eraikitzeko baimena eskatu du Enigma Green Power 26 S.L.U. enpresak. Hala argitaratu zuen Eusko Jaurlaritzako Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumen Sailak, Euskal Herriko Aldizkari Ofizialaren osteguneko alean.
Pagoaga bailaran jarri nahi du 'Ikatz Gane' izeneko parke eolikoa enpresak, Aranoko mugatik gertu, Adarra, Zaburu, Azketa eta Garagartza mendien arteko zonaldean. Iparraldera, Ugaldetxotik Urdaburu aldera dagoen lur zati bat ere hartzen du markatutako eremuak, Erkaitz tontorraren azpian. Hegoaldera, berriz, eskaeraren eremuaren barne daude Elduaingo lur zati bat, eta Azketa eta Etzala tontorrak. Bost haize errota izango lituzke parke eolikoak, eta 33 megawateko potentzia izango lukete guztira.
Ostegunean argitaratu zuen iragarkia EAEko Aldizkari Ofizialak, baina maiatzaren 9ko data dauka. Ostegunetik hasita, 20 eguneko epea zabaldu dute, «parke eoliko hori ezarri eta ustiatzeko interesa duten pertsona fisiko edo juridikoek lehia-eskabidea aurkeztu dezaten Gipuzkoako Industria Administrazioaren Lurralde Ordezkaritzan edo izapidetze elektronikoaren plataformaren bidez», aldizkari ofizialak jakinarazi duenez.
Joan den urteko apirilean, Sustrai Erakuntza fundazioak salatu zuen «tamaina haundiko poligono eoliko haundi bat» jartzeko asmoa zuela enpresa batek Goizueta, Arano eta Hernani artean. Tamaina txikiagoa du orain aurkeztu den eskaerak, baina ingurune horretan kokatu nahi dute.
Beste eskaera bat, Gipuzkoan
Atzo bertan, Eibar, Elgeta eta Bergara artean beste parke eoliko bat eraikitzeko eskaera argitaratu zen Euskal Herriko Aldizkari Ofizialean. Kasu horretan, Arena Power Solar 10 S.L.U. enpresarena da eskaera, eta sei haize errota eraiki nahi ditu, 39,6 megawateko potentziarekin.