Gaur arratsaldean hasiko dira Gipuzkoa Bertsotan sailkapen faseko bigarren saioak

Kronika - Erredakzioa 2024ko mai. 25a, 00:30

Hernaniko Bertso Eskolako kideen artean Andoni Mujika 'Anatx' izango da abesten lehenengoa; Pasaian arituko da gaur, arratsaldeko 17:00etan. Bihar, berriz, Eli Pagolaren eta Iker Ormazabalen txanda izango da, eta ekainaren 1ean abestuko du Andoni Rekondok.

Gaur arratsaldean hasiko da Gipuzkoa Bertsotan sailkapen faseko bigarren itzulia. Lehenengo saioan puntuaziorik altuena eskuratu duten 48 bertsolariak arituko dira oraingoan, tartean Hernaniko Bertso Eskolako lau: Andoni Mujika Izagirre 'Anatx', Eli Pagola Apezetxea, Iker Ormazabal Ojeda 'Tturko' eta Andoni Rekondo Izagirre. 

Abesten lehenengoa Anatx izango da. Gaur arratsaldean aritzea egokitu zaio, 17:00etatik aurrera, Pasai Donibaneko Kulturgunean. B multzoko saioa izango da, eta une honetan sailkapeneko hamaseigarren postuan dago Anatx, 307 punturekin. 

Lehenengo saioetan ez bezala, bailarako bi bertsolariri batera abestea egokitu zaie oraingoan. Bihar arratsaldean Alegian abestuko dute Tturkok eta Pagolak, hauek ere 17:00etan hasita. Elizpe Zineman jokatuko dute A multzoko saioa; eta sailkapenari dagokionez, zazpigarren postuan hasiko du bigarren itzulia Pagolak (323) eta hamabostgarrenean Tturkok.

Azkenik, ekainaren 1ean Elgetako Espaloia Kafe Antzokian kantatuko du Rekondok. Hau ere B multzoko saioa izango da, eta 3garren postutik ekingo dio hernaniarrak, 346 punturekin.  

Multzo bakoitzeko lehenengo 17ak, udazkenera

Bigarren erronda honetan zortzi saio izango dira, eta guztiak jokatzean ezagutuko dira Gipuzkoako Bertsolari Txapelketara sailkatu diren 34 bertsolarien izenak. Multzokako sailkapenek jarraipena izango dute bigarren saioan; hau da, multzo bakoitzeko 17 bertsolari onenak sailkatuko dira. 

Epaileei dagokienez, taldeak bere horretan mantenduko dituzte, baina lehenengo saioan A multzoko bertsolarien lana epaitzen aritu direnak orain B multzokoena epaituko dute. Estitxu Agirre Agirre hernaniarra da lehenengo fase honetan bailarako ordezkari bakarra. 

Hernanin bukatuko da 
Gipuzkoa Bertsotan fasea

Hurrengo asteko igandean, ekainaren 2an, amaituko da Gipuzkoa Bertsotan sailkapen fasea. Igande horretan ere bi saio izango dira, eta horietako bat Hernanin egingo dute. Ondorengo bertsolariak arituko dira Biteriko aretoan: Aitor Zubikarai Salegi (Itziar), Antton Aizpurua Aldape (Deba), Maddi Aiestaran Iparragirre (Beasain), Maialen Akizu Bidegain (Urretxu), Urko Egaña Calderon (Azpeitia) eta Uxue Fernandez Lasa (Urretxu).

Saioa arratsaldeko 17:00etan hasiko da, eta ondorenerako mokadutxo bat prestatuko dute Hernaniko Bertso Eskolako kideek. Sarrerak eskuragarri daude https://bertsosarrerak.eus/sarrerak/sarreren_salmenta_orria estekan.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!