«Oso ezberdina izango da gu bion estreinako 'Zegama'; 2002an mendi martxa batean bezalaxe atera ginen asko»

Kronika - Erredakzioa 2024ko mai. 25a, 00:00

Mikel Legarreta Astiasaran urnietarra eta Anartz Artola Arin hernaniarra.

Zegama-Aizkorri mendi maratoiaren eguna da biharkoa, gorriz markatutako eguna mendi korrikalarien egutegian. Lasterketa barrutik biziko dute Urumea bailarako lau korrikalarik; tartean, Anartz Artola hernaniarrak. Estreinakoa izango du, eta horretarako, taldekide ezin hobea dauka Agerren: Mikel Legarreta urnietarra, Zegama-Aizkorriren edizio guztiak osatutakoa.

Bihar goizean jokatuko da Euskal Herriko mendi lasterketa ezagunena, Zegama-Aizkorri mendi maratoia, goizeko 09:00etan hasita. 533 korrikalarik hartuko dute parte, eta milaka izango dira mendian zain izango dituztenak, animoak emateko, sekulako giroa piztuz. Horien artean izango dira Urumea bailarako herritar asko, eta baita gutxi batzuk korrikalarien artean ere. Lau izango dira lasterketa barrutik biziko dutenak: Sergio De Oliveira Gomes (221 dortsala) eta Aitor Lizaso Revilla (348) astigartarrak; Hodei Lujanbio Apezetxea (356) goizuetarra, eta Anartz Artola Arin (145) hernaniarra.

Orain arte denboraldi bikaina osatuta iritsiko dira Lujanbio eta Artola zitara. Hirugarren Zegama-Aizkorri izango du goizuetarrak, eta estreinakoa hernaniarrak, gazteen proba hirutan egin ondoren. Debutari begira, taldekide aproposena izan du Agerreko korrikalariak: Mikel Legarreta Astiasaran urnietarra, Zegama-Aizkorriren edizio guztietan parte hartu duena, 2002tik gaur arte. Biak elkartu ditugu, beteranoa eta debutaria, zita nagusiaren aurretik.

 

Zein gorputzaldi eta animorekin zaudete Zegama-Aizkorriren atarian?

Anartz Artola: Ni gorputzaldi onarekin sentitzen naiz. Denbo­raldi txukuna ari naiz egiten, eta sasoi onean nago. Hau kontu berria da niretzat; mendi maratoia da, eta gainera Zegama-Aizkorri. Baina oso gogotsu nago. Azkeneko asteak nahiko gogorrak izan dira animikoki, belauneko minez egon naizelako. Tratatu egin zidaten, eta bi edo hiru saio bakarrik egin ditut korrika; baina asteazkenean proba egin nuen Ereñotzuko Mendi Lasterketaren ibilbidean, eta sentsazio onak izan nituen. Aurreko lana egina dago, eta bi aste gorabehera ez da gehiegi nabarituko; beraz, alde horretatik lasai nago.

Mikel Legarreta: Ni ere ondo na­go, egia esan. Ez nuen motiba­zio haundiarekin hasi urtea. Hainbeste urteren ondoren, urtez urte pixka bat zailagoa egiten zait entrenatzea; baina Agerren arituta, taldean entrenatzeak eta gazteen kemenak pizten dizu gogoa, eta gustura nabil. Azkeneko bi lasterketak ondo egin ditut, eta sasoi onean nago. Ondoren, maratoia zer moduzkoa aterako den, igandean ikusiko dugu...

 

Zeri begira eta zertan pentsatzen pasatzen da horrelako aste berezi bat?

Mikel: Igandea iristea eta lehenbailehen bukatzea bakarrik dau­kat buruan (barrez).

Anartz: Niri ez zait gustatzen ge­hiegi presionatzea, eta lasterketa asteetan deskonektatzea gustatzen zait. Batzuek gustuko dute lasterketaren tokira joatea bezperan edota hiru-lau egun lehenagotik. Nik nahiago dut herrian geratu, bizitza normala egin, lagunekin egon... Bezperan urduritasun puntu bat azaleratzen hasten da, baina bestela lasterketari buruz gutxi pentsatzen dut astean zehar. Egia da Zegama-Aizkorri beste kontu bat dela, eta gehiago planifikatu behar duzula: non edan, non hartu gelak, non estutu eta non indarrak gorde... Beraz, buruari buelta gehiago ematen dizkiozu.

 

Eguraldi eta lokatz kontuak ere izaten dira...

Mikel: Bai, batek baino gehiagok bidali didate pronostikoa, eta badirudi eguraldi ona izango dugula. Lokatzarekin ere berdin izaten da; batzuek esan dute asko dagoela, beste batzuek ez dela hainbesterako... Tokatzen dena tokatzen dela, aurrera egin beharko dugu.

Anartz: Niri ere eguraldiak ez dit askorik axola izaten normalean, baina maratoia izanda bai, nahi nuen faborez eguraldi ona tokatzea. Bestela gorriak ikusi beharko ditugu... Baina bereziki jendeak jartzen duen giroarengatik, eguraldi onarekin gehiago disfrutatuko dugu denok.

 

Beste lasterketa batzuek sortzen ez duten urduritasuna eragiten du Zegama-Aizkorrik?

Mikel: Niri bai, behintzat. Zegama-Aizkorrirengatik ez balitz, ez dut esango orain korrika egin­go ez nukeenik, baina urte batzuetan utziko nuke seguruenik, bes­te gauza batzuk egitea ere gus­tatzen zaidalako. Baina Zega­ma urtero egin dudanez, nire buruari jartzen diodan obligazio moduko bat da. Beraz, zalantzarik gabe, askoz ere urduriagoa egoten naiz Zegama-Aizkorrin.

Anartz: Maratoia da, Zegama da, eta denbora asko eskaini be­har diozu entrenatzen. Nik urte hasieran jarri nuen helburu nagusia da, eta urte osoa eman dut egun honi begira lanean. Data gainera datorrela ikusten duzunean, urduritasun puntu bat sortzen da. Ondo ateratzea nahi duzu, eta normala da urduriago jartzea.

 

Aurreneko aldia izanda, Anartz, ilusio berezia piztuko dizu zuri, ezta?

Anartz: Urteak daramazkit Zegama-Aizkorriren egunean bertara joaten. Hiru urtez hartu nuen parte gazteen lasterketan, 10 kilometrokoan. Hori baino lehen, 5-6 urte nituela, nire aitak pare bat aldiz egin zuen maratoia, eta ikustera joan nintzen. Mikel ez nuen ezagutzen oraindik, baina hantxe ibiliko zen, noski...

Mikel: Bai, nik aita lehenago ezagutu nuen semea baino. Ez dakit oso seinale ona den... (barrez)

Anartz: Azkeneko bi urteetan, berriz, kameralari gisa aritu naiz, lasterketa grabatzen. Banekien noizbait iritsiko zela mendi maratoia egiteko eguna, eta sekulako gogoa daukat. Ea zer den Zegama, zer sentitzen den. Mikel ohituta egongo da, baina niretzat zerbait berria da.

Mikel: Ez dakit sekula ohitzen den bat horretara...

 

Aipatu duzu hiru urtez egin zenuela gazteena. Aurrerapen gisa balioko zizun, edo erabat ezberdina izango da?

Anartz: Gazteen lasterketarekin, oso oroitzapen politak dauzkat. Gaztea zara eta 10 kilometro bakarrik dira, baina sekulako maila izaten da. Hori da aurreneko pausoa, gazte hasten garenontzat, Zegama-Aizkorrira begira. Horrek motibatu ninduen, orain maratoia egiteko. Baina bai, oso oso ezberdina izango da, distantzia, jendea, prestakuntza... Gaztetan ez zara oso kontziente. 10 kilometroko lasterketa bat egiten duzu gustuko duzulako, baina maratoi baterako exijentzia askoz ere haundiagoa da; baina ez egunean bertan bakarrik, egunerokoan baizik.

 

Zure kasua kontrakoa da, Mikel, Zegama-Aizkorriren edizio guztietan hartu baituzu parte orain arte. Nola egiten zaio aurre 21garrenari?

Mikel: Ba ziurrenik duela 10 edo 15 urtekoari bezalaxe. Sasoiak eta eguneko gorputzaldiak agintzen du. Nahiko arrisku izaten dut behar baino azkarrago ateratzeko, eta ezinbestekoa da burua hotz mantentzea. Indarrarekin iritsi behar duzu Aizkorriko tontorrera, bertan hasten baita lasterketa. Baina ez da erraza izaten; jende asko dago, sekulako maila, eta hasierako frexkotasunarekin erraza da inertziarekin beste batzuei jarraitzea. Gero komeriak... Bi ordu pasatzen dira, bi ordu eta erdi, eta indarra izan behar duzu hortik aurrera ere. Neurria hartu behar zaio, lasterketaren erdialdetik aurrera ahalik eta ondoen egoteko.

 

Zertan izango dira antzekoak eta zertan ezberdinak, zure aurreneko Zegama-Aizkorri eta Anartzena?

Mikel: Dena da ezberdina, ez dauka zerikusirik. Ibilbidea bai, antzekoa da; baina gainerako guztia da diferentea. Hasteko, korrikalarien maila. Garai hartan bazegoen jendea oso azkar zebilena, baina ez dago egungoarekin konparatzerik. Mendi martxa ba­tean bezalaxe ateratzen ginen asko. Nik urik eta jatekorik ez nuen eramaten. Abituallamentuetan harrapatzen nu­­ena jan, eta bukatzen bazen eze­rrez, jan gabe aurrera.

Anartz: Alde haundia horretan nabaritzen da. Mikel hasi zenean, 2002an, oraindik ezagutza gutxi zegoen mundutxo honetan, eta erreferenterik ez. Beharbada aipatuko zen 'hau jatea komeni da' edo 'niri honek mesede egiten dit', baina askoz ere gehiago ez. Aldiz, ni mendi lasterketetan hasi nintzenean, jende dexente neukan aurretik, eta erreferente asko. Badakit zer jan eta zer edan behar dudan, zein zapatilla jantzi, non estutu eta non ez... Horri guztiari askoz ere arreta gehiago jartzen zaio orain.

Mikel: Prozesua ere ezberdina da. Anartz atletismotik dator, eta korrikalaria zen Zegama-Aizkorrin parte hartu aurretik ere. Nik aurreneko edizioa egin nuenean, aldiz, mendizalea nintzen. Orain ez dakit korrikalaria ote naizen, baina orduan ziur ezetz. Azkar paseatzea gustatzen zitzaidan. Zegama-Aizkorri egin nuenean, sekula 15 kilometro korrika egin gabea nintzen, ez mendian eta ez asfaltoan. Beste kontu bat zen.

 

Aipatu duzu obligazio bezala jartzen diozula zure buruari urtero. Zegama-Aizkorrik hartu duen tamainarekin, harrotasun puntu bat sortuko dizu edizio guztiak egin izanak.

Mikel: Ez dakit harrotasuna den, baina bai, sortzen dizu halako zerbait barruan. Zorte kontua ere bada. Ez dut urtero gogotsu hasten Zegamarako prestaketa, eta horregatik ez balitz, urte batzuetan beste kirol batzuetan jarriko nuen burua.

Anartz: Zortea aipatu du, baina 21 urtez segidan Zegama-Aizkorri egiteko, eta data berean urtero sasoi onean egoteko, gogorra izan beharra dago.

Mikel: Bai, baina ehuneko haundiena zorte kontua da, nire ustez. Lesiorik ez izateaz ari naiz, noski. Gero, korrika zuk egin behar duzu, eta zuk osatuko duzu maratoia azkarrago edo motelago. Baina zortea behar duzu data horietan minik ez hartzeko. Bestela, azkeneko 20 urteotan, esango nuke nahiko sasoi onean egon naizela uneoro, eta bukatu, bukatu nezakeela Zegama-Aizkorri maiatzean, irailean edo abenduan. Beste kontu bat da denbora kontuak eta beste helburu batzuk jartzea. Niri berdin zait bost ordu eta laurden edo bost ordu eta erdi egin. Azkar eginez gero, koadrilakoek zorionduko naute eta kitto. Anartzen kasua ezberdina da, eta alde horretatik ere oso ezberdina izango da bere debuta, nirearen aldean. Nik baino askoz ere azkarrago egingo du berak (barrez). Euskal Selekzioarekin ari da, eta minutu batzuk gorabehera gehiago aldatzen da kontua.

 

Anartz, zein aholku eman dizkizu Mikelek?

Anartz: Aholkurik apenas eman dit, baina esan izan dit berak zer egiten duen gaizki, eta saiatuko naiz hori ez egiten (barrez). Esan dit lasai hasteko, burua hotz mantentzeko eta disfrutatzeko.

Mikel: Ez du aholku askorik be­har. Abilezia sobera dauka, eta ez baditu gauzak oso gaizki egiten edo min hartzen, ondo arituko da. Noski, ondo aritzetik oso ondo aritzera aldea dago; 5-10 minutu joaten bazaizkizu, Anartzen denboretan asko nabaritzen da hori.

Anartz: Burua hotz mantentzen ez da erraza. Mendi lasterketetan dabilenak jende asko ezagutzen du, eta badaki gutxi gorabehera zeinen aurretik eta zeinen atzetik ibili ohi den. Eta hasten zaizkizunean aurreratzen zure inguruan dabiltzan horiek... Erraza da orain esaten burua hotz mantendu behar dela, baina lasterketa barruan zaila da hori kudeatzen. Mikel bezala, oso odol berokoa naiz ni ere, eta uste dut lan haundia izango dudala horrekin. Baina tira, maratoia izanda, eta nire aurrenekoa, oso serio hartu beharko dut kontu hori, eta aurreneko erdia lasai hartu, nire lasterketa egin. Hortik aurrera ikusiko dut nola nagoen.

 

Asko aipatzen da Zegama-Aizkorriren haunditasuna eta berezitasuna. Lasterketa barruan ere, hainbeste nabaritzen da hori?

Mikel: Bai bai, sekulako astake­ria da. Ni urte askotan atera naiz, eta pentsatu daiteke ohituta nagoela Zegama-Aizkorrin parte hartzera. Baina ikaragarria da, ez dauka parekorik. Lasterketa asko egin ditut, baita hemendik kanpo ere, eta ez dauka beste guztiekin zerikusirik. Antolakuntza ere bestelakoa da. Bi aste lehenago joaten zara Zegamara entrenatzera, eta konturatzen zara nola bizi duten herrian. Horregatik da Zegama-Aizkorri egun dena. Orain fama haundia dauka lasterketak, eta esan liteke errazagoa dela jendea animatzea antolakuntzan parte hartzera. Baina orain de­la 20 urte ere, buru-belarri aritzen ziren herritar guztiak. Ikusi besterik ez dago, Aizkorrira ura igotzera joaten direnean zenbat jende elkartzen den. Zoragarria da, eta are gehiago gaur egun, gero eta gehiago kostatzen delako horrelako gauzak antolatzen. Ez dut esango bolondres lana bukatzen ari denik, pena delako; baina gero eta gehiago kostatzen da. Eta horrelako herrietan, txapela kentzekoa da bertakoen inplikazioa.

 

Zegama-Aizkorri ezberdinak biziko zenituen, hainbeste urtetan. Gogoan dituzu gehien gozatutakoa eta, kontrara, gehien sufritutakoa?

Mikel: Gehiena gozatu nuena, eta ez denbora onena egin nuelako, elurra egin zuen hura izan zen. Oso konplikatua zegoen, eta mendia bereziki teknikoa. Giro horretan ondo moldatu ohi naiz, nire mailakoekin alderatuta; eta izugarri gozatu nuen. Sekulako kolpeak hartu nituen nik ere, beste guztiek bezalaxe; baina asko disfrutatu nuen. Gehien sufritutakoak, berriz, erdi gaixo atera nintzen bi urteak. Bukatzeko asmoz parte hartzea erabaki nuen, eta miseriak pasa nituen bi urte horietan. Horiek dira gogoratzen ditudan zailenak; duela 20 urtekoa ez zen askoz ere hobea izango, baina ahaztu egiten dituzu pixka bat.

 

Nolakoa amesten duzu zure aurreneko Zegama-Aizkorri, Anartz?

Anartz: Hainbeste modutara imajinatu dut... Pixka bat ezagutu dut beste modu batzuetara, eta hunkigarria da. Baina uste dut asko aldatuko dela barrutik. Hainbeste ezagun zuri animatzen, ikustera joango diren lagunak, Euskal Selekzioarekin aritzea... Nahiago dut horretan asko ez pentsatu, egunean bizi eta ondoren kontatu.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!