Mailari eustea lortu du Hernaniko Jubenil Nazional mailako taldeak

Kronika - Erredakzioa 2024ko mai. 21a, 00:00

Gogotik ospatu zuten Hernaniko jokalariek larunbateko garaipena.

Partidu bikaina jokatuta, 0-2 irabazi zuten Danok Bat liderraren etxean. 

Hernaniko Jubenil Nazional mailako taldeak kale edo baleko partidua jokatu zuen larunbatean, eta jokalariek ez zuten hutsik egin. Bikain atera zen Haritz Otxotorenak diseinatutako plana, eta 0-2 irabaztea lortu zuen Hernanik Danok Bat liderraren etxean. Golegileak Marc eta Orue izan ziren. Larunbateko hiru puntuekin, sailkapeneko 13garren postuan amaitu du liga Hernanik. 

Hernaniko Ohorezko Kadeteen taldeak ere sari ederra lortu zuen larunbatean. Izan ere, Martuteneri 0-1 irabazita, Euskal Ligarako igotzeko fasea jokatzeko txartela lortu dute. Maizak sartu zuen Hernaniren gola. 

 

Agurren arratsaldea

Hernaniko gizonezkoen lehenengo taldeak denboraldiko azkenaurreko partidua jokatu zuen, Zubipen. Etxeko azken partidua zenez, hurrengo urtean jarraituko ez duten jokalariak omendu zituzten norgehiagoka amaitutakoan. Axel Sanz jokalariari 8 zenbakidun kamiseta eman zioten oroigarri modura. Ligako azken partidua asteburu honetan jokatuko dute, Real Unionen aurka, GALen. 

Euskal Ligako neskek, aldiz, larunbatean jokatu zuten azken jardunaldiko partidua. Berdinketarekin borobildu dute denboraldia, eta sailkapeneko seigarren postua eskuratu dute Euskal Ligara igo ondorengo denboraldian. 

 

Punturik gabe itxi du denboraldia Mundarrok

Inolako presiorik gabe iritsi da liga amaierara Mundarro. Asteburuan jokatu zuen taldeak azken partidua, eta punturik gabe itzuli ziren Getariatik. 1-2 galdu zuten astigartarrek, eta 13garren postuan bukatu dute denboraldia. Hasieran finkatutako helburua lortu du Mundarrok, eta Gorengo Mailan jarraituko du beste urtebetez.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!