Gipuzkoako Parke Naturalen egunak antolatu ditu Foru Aldundiak, datozen asteburuetarako; eta Aiako Harria Parke Naturalarena izango da aurrenekoa, maiatzaren 26an. Oielekun ospatuko dute, Oiartzunen, goizeko 11:00etan hasita. Bost jarduera izango dira bertan: hegazti askatzea, palankarien erakustaldia, gazta dastaketa eta salmenta, Et Incarnatus orkestrako laukote baten musika emanaldia, eta artaldea bertatik bertara ikustea.
Oielekura iristeko, bi ibilaldi antolatu dituzte aurretik. Goizeko 09:00etan abiatuko dira Oiartzungo Artaso frontoitik, eta bi ordu inguruko ibilaldia egingo dute, Karrika auzotik. Bestea 45 minutukoa da: 09:45etan hasiko dute Uzpuruko aparkalekuan, eta 10:00etan Kausorotik pasako dira.
Egun horretan ezingo da Ibanarrietako aparkalekura iritsi, eta Uzpurun zein Kausoron toki gutxi izango da. Horregatik, doako autobusa jarriko dute Beasaindik, Tolosatik eta Oiartzundik Kausorora, baina izena eman behar da: 943 49 42 48 eta 688 895 068 telefonoetan, edo arditurri@gipuzkoanatura.eus helbidean.