Dastamenaren bitartez egingo dute mundu osoan zehar bidaia, gaur, ereñotzuarrek eta hernaniarrek. Batean zein bestean, nazioarteko jakiak izango dira protagonista gaurko egunez, maiatzaren 21a Kultur Aniztasunaren Nazioarteko Eguna dela ospatzeko.
Ereñotzun, Txirrita eskolaren eta Katiluzar Guraso Elkartearen eskutik ospatuko dute Kultur Aniztasunaren Eguna, gaur. Goizean, munduko jakiak prestatzeko saio irekia egingo dute Ur Mia elkartean, 10:30etatik 13:30etara; eta nahi duten guztiek izango dute aukera bertaratzeko eta beste herrialde batzuetako jakiak prestatzen ikasteko. Eta ondoren, jaki horiekin, dastaketa egingo dute arratsaldean, frontoiko plazan, 17:00etan hasita.
Gaurko festarekin, aste osoko jarduerei errematea jarriko diete Ereñotzun. Izan ere, kultur aniztasunarekin lotutako hainbat ekintza izan dituzte Txirrita eskolan, astean zehar: dantza afrikarrak, hizkuntza ezberdinetako ipuin kontaketak, munduko jolasak, Euskal Herriko Ukrainiar Erakundeko bisita...
Jaialdi Gastronomikoa eguerdian, Atsegindegin
Hernanin, berriz, Jaialdi Gastronomikoa antolatu du Amher elkarteak, beste urte batez. Atsegindegin izango da, eguerdiko 12:00etatik 14:00etara; eta 10 herrialdetako 19 jaki dastatzeko aukera izango dute bertaratuek: Nigeria, Senegal, Mauritania, Sahara, Maroko, Mexiko, Nikaragua, Argentina, Kolonbia eta Euskal Herria. 5 euroan salduko dituzte tiketak, eta tiket bakoitzarekin dastatu ahal izango dira bi pintxo eta edari bat. Platera, sardexka, goilara eta edalontzia etxetik eramateko deia egin dute, zaborra murrizteko.
Jai giroan ospatuko dute Jaialdi Gastronomikoa, baina «gure herrian bizi diren errealitateak ikusarazteko espazioa» ere izatea nahi du Amherrek. Horren harira, manifestua zabaldu du, Stop Kaleratzeakekin eta Etxebizitza Burujaberekin batera, Hernanin etxebizitzarako sarbidean dagoen arrazakeria salatzeko: «Guztiok pairatzen dugun etxebizitza-krisia, bereziki da baztertzailea gure auzokide migratu edota arrazializatuekin. Izan ere, batazbesteko diru sarrera txikiagoak izateaz gain, diskriminazioa, aurreiritziak eta arrazakeria ezkutatzen dituzten berme haundiagoak eskatzen dizkiete. Etxebizitza oinarrizko giza eskubidea da, eta haren erabilera sozialaren alde egiten dugu, pertsona guztientzat eskuragarri egon dadin, jatorria edo arraza edozein dela ere. Hernanin etxe bat aurkitzeko pertsona migratuek edota arrazializatuek jasaten duten diskriminazioa gaitzesten dugu», adierazi dute. Manifestua eskuragarri izango da gaur Atsegindegin bertan.