Hernaniko jubenilak salbazioaren bila

Kronika - Erredakzioa 2024ko mai. 18a, 00:00

Danok Bat talde liderraren aurka jokatuko dute gaur 18:00etan Bilbon.

Futbol denboraldia asteburu honetan amaituko da talde gehienentzat eta partidurik garrantzitsuena Hernaniko jubenil nazionalak jokatuko du. Azken partiduaren faltan dena erabakitzeko da. Talde asko daude jaitsieraren jokoan eta Hernani ere hor murgilduta dago. Azken partidua jokatzeko ez du aurkaririk onena. Bilboko Danok Bat izango du aurrez aurre. Bilbotarrak jaun eta jabe izan dira denboraldian eta Liga irabazi dute nagusitasun haundiz.

Jardunaldi bateratua jokatuko da. Partidu denak gaur, 18:00etan, hasiko dira eta Hernanik irabaziz gero maila ez du galduko eta berdintzen baldin badu ere eutsiko dio kategoriari. Hori bai, galduz gero beste emaitzen zain egon beharko du. Gainera aurkariek beraien artean jokatuko dute. 

Hernani 13garren postuan dago 36 punturekin. Puntu berdinekin Santutxu hamalaugarren postuan dago eta Indartsu hamabostgarrenean. Bizkaitarrek beraien artean jokatu behar dute azken jardunaldian. Tolosa eta Beasain 16garren eta 17garren dira 35 eta 34 punturekin, hurrenez hurren. Gipuzkoarrek beraien artean jokatuko dute Loinazen. Gernika da azkena, dagoeneko maila galduta.

Hernaniko neskek Leioan amaituko dute denboraldia eta Mundarrok etxean

Euskal Ligako neskek denboraldi bikaina itxiko dute bihar Leioan. 15:30etan Leioako Emakumeen aurka jokatuko dute. Seigarren postuan amaituko dute denboraldia. Mundarrok Zarkumendegin itxiko du denboraldia bihar, 16:00etan, Getariaren aurka. Hernaniko Erregional mailako mutilak berriz azkenaurreko partidua jokatuko dute gaur Zubipen, 16:00etatik aurrera, Beti Gazteren aurka. Etxeko azken partidua izango da.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!