Etzi, Emakume Artzainen egunaren hirugarren edizioa ospatuko dute Leitzan. Bertako emakume artzainei omenaldi jarduera esanguratsua eginen zaie, eta aurreko edizioetan Larraun-Lekunberrin eta Araitz-Betelun omendutako artzainen testigua jasoko dute.
Ekitaldi honek, emakume artzain/gaztagileek baserrian, etxeko eta lurraldeko ekonomian, artzaintza-kulturan eta Plazaola-Mendialdeko paisaia natural eta kulturalean duten garrantzia goraipatzen du. Eta ondorengo helburua du: «gure lurraldean hain errotuta eta oraindik bizirik dagoen kultura hori genero-ikuspegitik ikusaraztea, aitortzea eta proiektatzea».
Aurreko edizioan, formatu bikoitza proposatu zen, eta aurten, bi eszenatoki fisiko dituen ekitaldi ibiltari bihurtu dute: alde batetik, Emakume Artzainen Eguna osatuko da modu finko batean, Plazaolako geltokian; eta bestetik, ekitaldi ibiltaria izanen da, Plazaola eta Mendialdea osatzen duten udalerrietan, tartean Goizueta eta Arano.
Omenaldia eguerdiko 13:00etan hasiko da, eta antolatzaileek azaldu dute, unerik «hunkigarriena» izanen dela. Ekitaldi xumea izanen da, eta ez da ez musikarik ez eta bertsorik faltako. Eguraldi txarra eginez gero, ekitaldia udaletxeko karrapean izanen dela aurreratu dute Plazaolakoek.