Festa goxoarekin ospatuko dute Baserritarren Eguna gaur, bailaran

Kronika - Erredakzioa 2024ko mai. 15a, 00:00

Ohi bezala, idi probak izango dira Foru Plazan eta Zamalbide-Bentak auzoan.

San Isidro egunez, ekintza ugari izango dira Hernaniko Kaxkoan, Astigarragako Foru Plazan eta Zamalbide-Bentak auzoan.

San Isidro eguna da gaurkoa, baserritarren egun haundia. Eta Urumea bailaran, ohi bezala, ospakizunak izango dira hainbat txokotan. Hernanin, Kaxkoan izango da festa, goizean zehar. 11:00etako mezarekin hasiko dute eguna San Joan Bataiatzailean, eta Tilosetan izango dute ikuskizuna ondoren, 11:30etatik aurrera. Hasteko, pala partidua jokatuko dute Irazustabarrena-Galdos eta Macicior-Mendizabal bikoteek. Segidan, omenaldia egingo diote Arkaizpe baserriko familiari, eta bertsolarien saioa ere izango da. Ondoren, eskuz ariko dira beste bi bikote, Manterola-Lizeaga eta Apaolaza-Altuna. Eta bukatzeko, herri kirolen erakustaldia izango da.

Astigarragan, urteroko legez, bi tokitan izango da ospakizuna: Foru Plazan eta Zamalbide-Bentak auzoan. Estanga anai-arreben trikitixa doinuekin hasiko da festa Foru Plazan, 09:30etan; eta prozesioa eta meza egingo dituzte segidan (10:00). Hamaiketakorik ez da faltako Gure Izarra elkartean, 12:15etako idi demaren aurretik: Ipiñarrietak eta Aranbarrik aurrenekoz plazaratuko dute idi pare bana, 1.640 kiloko 'Atxitxe' harriarekin 30 minutuko lanean aritzeko. Eguerdiko 13:00etan jarriko dute mingaina dantzan Sebastian Lizaso eta Andoni Egaña bertsolariek. Eta festa borobiltzeko, herri bazkaria egingo dute, Elioneko baserriari omenaldi eta guzti.

Zamalbide-Bentak auzoan, be­rriz, eguerditik iluntzera luza­tuko da ospakizuna. San Isi­dro zaindariaren ibilaldia egin­­go du­te aurrena, 11:45etan hasi­­ta, Zamalbideko elizaren inguruan. Txistulariak ariko dira ondoren, eliz atarian, eta herri meza egingo dute 12:00etan. Meza bukatutakoan, 12:45etan botako du­te jaiaren hasierako txupinazoa. Txistulariek girotuta, salda banatuko dute bertaratuen arte­an, eta bertsolariak ere ariko dira, Auzolan frontoiko lokalean: Emaitz Murua eta Eñaut Martikorena. Lagunarteko bazkaria ere egingo dute, Auzolan Elkartean, 14:00etan. Eta idi probarekin amaituko dute eguna, 18:00etatik aurrera: hiru idi pare ariko dira 2.000 kiloko harriarekin, Perurenako probalekuan. Doakoa izango da sarrera.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!