Ez da asteburu ona izan bailarako futbol talde nagusientzat; bi berdinketa eta porrot batekin amaitu dute jardunaldia, eta jokoan ezer gutxi izan gabe iritsi dira denboraldi amaierara.
Euskal Ligako neskek 1-1 berdindu zuten Zubipen, Anaitasunaren aurka. Ane Epeldek egin zuen Hernaniren gola, baina azkoitiarrek segituan lortu zuten berdinketa. Hortik aurrera, berdintasun haundiko partidua jokatu zuten, eta puntu banaketarekin amaitu zen norgehiagoka. Euskal Liga amaitzeko jardunaldi bat besterik ez da geratzen, eta Leioako Emakumeak taldearen aurka jokatuko du Hernanik, etxetik kanpo. Sailkapeneko seigarren postuari eustea izango da berdeen helburua.
Bestelakoa izan da Hernaniko mutilen asteburuko emaitza. Lagun Onaken aurka aritu ziren berdeak, eta 3-2 galdu zuten 34. jardunaldiko partidua. Hernaniren lehenengo gola berezko atean sartu zuten azpeitiarrek, eta bigarrena Pello Alberdik sartu zuen. Hernaniri bi partidu geratzen zaizkio denboraldia bukatzeko, eta bigarren itzuliko aho zapore txarra kentzea da taldekideen nahia. Sailkapeneko 11garren postuan daude une honetan.
Berdinketa lortu zuen Mundarrok, Berion
Etxetik kanpo puntu bakarra lortzeko aukera izan zuen Mundarrok. Santo Tomas Lizeoaren aurka aritu ziren astigartarrak, eta 1-1 amaitu zen partidua. Aurreko astean lortu zuen Mundarrok mailari eusteko helburua, eta lasaitasun horrekin jokatu zuten larunbateko partidua.
Denboraldia asteburu honetan amaituko dute, Zarkumendegin, Getariaren aurkako partiduarekin.