Igoera lortzeko aukerarik gabe geratu da Mundarro, eta azkeneko bala izango du Hernanik

Kronika - Erredakzioa 2024ko mai. 14a, 00:00

Julen Berrondo jokalaria, artxiboko argazkia.

80-63 galdu zuen Mundarrok eta 77-61 Hernanik. Igoera faseko finaletik kanpo geratu dira biak, baina hernaniarrek igoera lortu dezakete, datorren asteburuan Casa de La Rioja menderatuta.

Final fourreko lehenengo partidua galduta, igoera lortzeko aukerarik gabe geratu da Mundarro. Hernanik ere galdu egin zuen, baina azkeneko aukera bat izango du igoera lortzeko: hirugarren eta laugarren posturako lehian, Casa de La Rioja menderatu beharko du horretarako, datorren asteburuan.

Oso denboraldi ona egin dute bi saskibaloi taldeek, baina astigartarrek ezin izan dute nahi bezala borobildu. Horretan ahaleginduko dira hernaniarrak.

Atletico San Sebastian izan zen astigartarren aurkaria. Aurreko asteburuan lortutako garaipenak konfiantza haundia eman zion Mundarrori, eta hori agerian geratu zen partiduko lehenengo zatian. Lehenengo laurdenean donostiarrak aurreratu ziren arren (17-13), atsedenaldi luzera aldeko markagailuarekin iristea lortu zuen Mundarrok; 30-32. 

Aldageletatik bueltan antzeko jarraitu zuen partiduak. Tentsioa nabaritzen zen kantxan, eta bi taldeak oso berdinduta zeuden jokoaren fase guztietan. Azken laurdenera abantaila txikiarekin iritsi zen Mundarro, 49-53. Hala ere, final fourrean bizirik jarraitzeko ametsak alde egin zuen azken laurdenean. Ordura arteko partidu berdindua guztiz hautsi zen une erabakigarrienean. Donostiarrek Mundarroren beherakada baliatu zuten zuloa irekitzeko, eta 31-10 partzialarekin amaitu zen partidua. Azken markagailua 80-63 izan zen.

Atzetik ibili zen Hernani

Desorekatuagoa izan zen Hernaniren eta Elorri Aldaparen arteko partidua. Etxeko taldeak lehenengo laurdenetik lortu zuen abantaila, eta minutuak pasa ahala zuloa haunditzen joan ziren. Atsedenaldi luzera atzetik iritsi zen Hernani, 36-25 galtzen. Gainera, 30-24 izan zen hirugarren laurdeneko partziala, eta oso lan zaila geratu zitzaion taldeari azken laurdenerako. Pixka bat indarberritu arren, aurretik egindako lana bikain baliatu zuten alegiarrek, eta 77-61 amaitu zen norgehiagoka.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!