Hernanik 2-1 irabazi zion ostiralean Astigarragako taldeari, kadeteek eta jubenilek irabazita eta nagusiek galduta. Beraz, 5-1 irabazita egin du aurrera final zortzirenetara, Gipuzkoako Herriarteko txapelketan. Azkoitia izango du aurkari datozen bi asteetan.
Hernaniren eta Astigarragaren arteko lehian, joanekoan 3-0 irabazi zuten hernaniarrek eta itzulerakoan kadeteek erabakita utzi zuten kanporaketa. Amets Makatzagak eta Manex Alberdik 22-7 garaitu zituzten Enaitz Isasti eta Oier Galarraga. Jubeniletan Xuban Iturbe eta Oier Azpeitia 22-2 gailendu ziren Aimar Zabala eta Xuban Goñiren kontra. Astigarragaren garaipena seniorretan iritsi zen. Aimar Mujikak eta Oier Gurutzealdek 15-22 irabazi zuten Xabier Salaberria eta Josu Altunaren aurka.
Hernanik, Azkoitia izango du aurrez aurre aste honetan eta datorren astean. Lehen jardunaldia Hernanin bertan izango da, ostiralean, arratsaldeko 19:30etan hasita. Bueltako partiduak bi aste barru izango dira Azkoitian.
Bestalde, pelotari gehienak jokatzen ari diren Udaberri Txapelketan; eta Hernaniko eta Astigarragako hainbat pelotarik egin dute aurrera kategoria desberdinetan. Datorren astetik aurrera hasiko dira bigarren faseko partiduak.
Trinketean berriz, Espainiako Txapelketan, Unax Manterolak eta Iñigo Labakak irabazi egin zuten lehen kanporaketa, Larrabideko frontoian, Pelota 22ko bikotearen aurka, 2-0 (15-6, 15-5).
Bestetik, San Joan Txapelketa martxan da Hernanin. Klubeko pelotari benjamin, alebin eta infantilek San Joan Txapelketa jokatzen dute urtero, eta asteburuero izango dira partiduak ekainaren 22ra arte.