San Isidro eguna ospatuko dute etzi baserritarrek, Hernanin eta Astigarragan

Kronika - Erredakzioa 2024ko mai. 13a, 00:00

Ohi moduan, herri kirolen erakustaldia izango da Hernanin, San Isidro egunean.

Egitarau oparoak prestatu dituzte bailaran, etzirako. Astigarragako Elione 'baserri bizia' omenduko dute eta Hernanin, berriz, Arkaizpe baserria.

Baserritarren eguna izango da asteazkenean, eta hori ospatzeko, urteroko ohiturei eutsiz, jarduera mordoa izango dira Astigarragan eta Hernanin. Astigartarrek goizetik eguerdira arteko egitarau oparoa prestatu dute. 09:30etatik aurrera, Estanga trikitilariak ariko dira herria trikitixa doinuez alaitzen, eta prozesioa eta meza izango dira segidan, 10:00etan. Meza amaituta, hamaiketako eder batez gozatzeko aukera izango dute astigartarrek, Gure Izarra elkartean. 12:15etan, Foru Plazan hasiko dira idi demak, oraingo honetan Ipiñarrieta eta Aranbarri idi-jabeen plazaratu gabeko idi pareak izango dira ikusgai, 1.64 kiloko harriarekin. Bertsotan ariko dira Sebastian Lizaso eta Andoni Egaña egun osoan zehar, eta eguerdiko 14:30etan, bazkari baten buletan bilduko dira denak, Elione 'Baserri bizia'ri  «merezitako esker ona emateko». 

Hernanin ere izango dira San Isidro eguna ospatzeko zenbait ekintza. Aurrena, urtero lez, San Joan Bataiatzailean meza eskainiko da, eta amaitu ostean, emakumezkoen goi mailako pala partidua jokatuko dute Irazustabarrenak eta Galdosek, Maciciorren eta Mendizabalen aurka. Ondoren, Arkaizpe baserria omenduko dute Tilosetan, eta euria eginez gero, udaletxeko arkupeetara lekualdatuko dute omenaldia. Bertsolariak girotuko dute eguna, eta gizonezkoen goi mailako eskuz binakako partidua ere jokatuko dute Manterolak eta Lizeagak, Apaolaza eta Altuna aurrez aurre izanik. Bukatzeko, herri kirolen erakustaldi ederrak emango dio amaiera San Isidro egunari.

 

San Isidro egunarekin Lurraldiari hasiera, Astigarragan

Hirugarren edizioa da aurtengoa eta etziko San Isidro egunez hasiko da Lurraldiaren egitarau potoloa. Igandera arte izango dira gozamenerako ekintzak, Astigarragako Udalaren, Goldeak eta Baratze Elkarteen eskutik.

 

SAN ISIDRO EGUNA 

ASTIGARRAGA

ETZI

09:30 Estanga trikitilariak

10:00 Prozesioa eta meza

11:00 Hamaiketakoa Gure Izarra elkartean

12:15 Ididemak: Ipiñarrieta eta Aranbarri idi-jabeen plazaratu gabeko idi pareak. 1.640 kiloko harria.

Egunean zehar Bertsolariak: Sebastian Lizaso eta Andoni Egaña

14:30 Herriko bazkaria eta Elione 'Baserri bizia'ri merezitako esker ona ematea. 

 

HERNANI

ETZI

11:00 Meza San Joan Bataiatzailearen elizan

11:30 Emakumezkoen goi mailako pala partidua: Irazustabarrena-Galdos/Macicior-Mendizabal.

Jarraian, Omenaldia Arkaizpe baserriari eta bertsolariak ere izango dira. Euria eginez gero, omenaldia udaletxeko arkupeetan egingo dute.

Segidan, Gizonezkoen goi mailako eskuz binaka partidua: Manterola-Lizeaga/Apaolaza-Altuna.

Amaitzeko, Herri kirolen erakustaldia.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!