Bigarren geratu zen Pagola Idiazabalen, eta bosgarren Tolaretxipi Getarian

Kronika - Erredakzioa 2024ko mai. 11a, 00:19

Ereñotzuarrak 323 puntu eskuratu zituen. Hernaniarrak, berriz, 288,5.

Amaierara iristen ari da Gipuzkoa Bertsotan sailkapen faseko lehenengo erronda. Ostegun arratsaldez bailarako bi bertsolariri egokitu zitzaien kantatzea; Idiazabalen aritu zen Eli Pagola ereñotzuarra, eta Getarian Ekain Tolaretxipi hernaniarra. 

A multzoko saioa izan zen Pagolarena, eta 323 puntu eskuratuta, bigarren postuan amaitu zuen. Honela geratu zen sailkapena: Aner Peritz Manterola 'Euzkitze' (332), Eli Pagola Apezetxea (323), Oier Etxeberria Zubimendi (318,5), Mikel Iturriotz Etxaniz (315,5), Endika Igarzabal Murua (301,5) eta Igauri Lopetegi Amostegi (283). 

Tolaretxipiren saioa, berriz, B multzokoa izan zen. Hernaniarrak 288,5 puntu lortu zituen, eta saioko laugarren sailkatua izan zen. Puntuaketak ondorengoak izan ziren: Odei Lopez Larrauri (307), Oier Aizpurua Olaizola (304), Urko Arregi Markuleta (300), Ekain Tolaretxipi Errazti (288,5), Txomin Azpiroz De Pedro (274,5) eta Jon Altuna Arteaga (241,5). 

Kanporaketako lehenengo erronda datorren ostiralean amaituko da, Oñatin. Bertan Andoni Rekondo hernaniarrak abestuko du. 

 

48 bertsolari sailkatuko dira bigarren itzulira

Hurrengo ostiralean erabakita geratuko da zeintzuk abestuko duten sailkapen faseko bigarren saioan. Multzo bakoitzeko 23 onenek eta puntuazio altuena duten hurrengo bi bertsolariek egingo dute aurrera. Bigarren saio guztiak amaitzean, puntuazio altuena lortu duten 34 bertsolariek eskuratuko dute Gipuzkoako Bertsolari Txapelketan aritzeko txartela. 

Bigarren itzulia maiatzaren 25eko asteburuan hasiko da, eta zortzi saio jokatuko dira. Horietako bat, ekainaren 2koa, Biteri kultur etxean izango da, arratsaldeko 17:00etan.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!