Zubirik irabazi eta Barrenetxeak galdu, Sagardoaren Txapelketan

Kronika - Erredakzioa 2024ko mai. 11a, 00:00

Ansak eta Zubirik, Segurola eta Larrañaga gainditu dituzte, eta Loitegik eta Barrenetxeak erraz galdu dute Urriza eta Martirenaren aurka.

Sagardoaren Txapelketako bigarren jardunaldian bailarako Zubiri goizuetarrak eta Barrenetxea hernaniarrak lehendabiziko partidua jokatu zuten ostegunean, Galarretan. Zubirik garaipena eskuratu zuen, Ansarekin bikote osatuz, 2-1 (7-15, 15-9, 8-6) Segurola eta Larrañaga bikotearen aurka. Beraz, Bereziartuak 3 puntu lortu zituen eta Petritegik puntu bat. Jaialdiko azken partiduan, Loitegi eta Barrenetxeak (Oialume Zar) erraz galdu zuten, 2-0 (15-11, 15-7), Urriza eta Martirenaren (Aburuza) aurka. Punturik ez zuen lortu Oialume Zarrek eta lau puntu lortu zituen Aburuzak. 

Bigarren jardunaldia kontutan hartuta sailkapena honela geratu da: 1. Segurola-Larrañaga (Petritegi) 5 puntu; 2. Urriza-Martirena (Aburuza) 5 puntu; 3. Ansa II-Zubiri (Bereziartua) 3 puntu; 4. Ezkurra II-Azpiroz (Alorrenea) 3 puntu; 5. Aldabe-Juanenea (Gurutzeta) 0 puntu; 6. Loitegi-Barrenetxea IV (Oialume Zar) 0 puntu. 

Txapelketako lehenengo partiduan Ansak eta Zubirik partiduari buelta ematea lortu zuten. Lehenengo jokoa 7-15 galdu zuten oso sendo hasi ziren Segurola eta Larrañagaren aurka. Seina tanto egin zituzten eta gorriek ez zuten lortu partiduan agintzea. Bigarren setean gauzak erabat aldatu ziren. Ansa jokoan sartzen hasi zen, Zubirik Larrañagaren jokoa berdindu zuen, eta horrek agintzera eraman zituen. Jaun eta jabe izan zen Ansa bigarren setean mota guztietako tantoak eginez. Hamar lortu zituen guztira eta 15-9 berdindu zuten partidua. Joko erabakigarrian Ansak berean jarraitu zuen eta zazpi tanto eginez 8-6 nagusitu ziren gorriak. Azken bi setetan 17 tanto egin zituen Ansak, partiduan aginduz.

Bigarren partiduan emozio gutxiago izan zen. Urrizak eta Martirenak erraz irabazi zuten 15-11 eta 15-7 Loitegi eta Barrenetxearen aurka. Urdinak ongi hasi ziren 8-10 aginduz, baina Loitegiren hiru akatsek eta Barrenetxearen beste akats batek partidua irauli zuen. 14-10 jarri ziren aurretik gorriak eta 15-11 irabazi zuten. Akatsek konfidantza galdu arazi zieten urdinei, batez ere Loitegiri. Bigarren setean Urrizak agindu zuen eta ez berak eta ez Martirenak ez zuten akatsik egin. Loitegik eta Barrenetxeak 6 tanto eta 5 akats egin zituzten. Urriza izan zen partiduko erremontaririk onena. 

 

Arluziagak eta Aiestaranek galdu lehenengo partidua

Osteguneko jaialdiko lehenengo partiduan Arluziaga eta Aiestaran VI.a hernaniarrek elkarrekin jokatu zuten, Susperregi eta Eskuderoren kontra. Gorriz jantzita 13-15 eta 12-15 galdu zuten. Bi jokoak borrokatuak izan arren, urdinen alde izan ziren.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!