Hirugarrenez antolatu du Zilegi Astea, Astigarragan eta Hernanin, AEK euskaltegiak. Ospakizun gisa jarri zuten martxan, Zilegi Eskolak 20 urte bete zituenean; eta mantentzea erabaki zuten, egitasmoari ikusgarritasuna eman nahian, astebetean makina bat jarduera pilatuta.
Halakoa izango da aurtengoa ere, ekintzaz betetakoa eta oso anitza. Datorren astean izango da, maiatzaren 13tik 16ra, eta goizez zein arratsaldez antolatu dituzte jarduerak. Euskaltegietan ez da klaserik izango, eta ikasle guztiak animatuko dituzte saioetan parte hartzera. Bestelako 'irakasgaiak' eta 'irakasleak' izango dituzte astebetez, eta aukeratu ahal izango dute «zein saiotan hartu nahi duten parte», Iker Goñik eta Maite Villasantek azaldu dutenez.
Baina ez euskera ikasleek bakarrik, edozein herritarrek baizik. Horretan jarri dute azpimarra AEKko bi kideek: «Nahi dugu herritar guztiak animatzea. Badirudi euskera ikasleentzat soilik dela, baina juxtu kontrakoa da, euskaltegitik atera eta herritar guztiekin konpartitzeko gune bat. Sortu nahi badugu gune bat euskeraz aritzeko, ezinbestekoa da denok parte hartzea, euskera maila edozein dela ere; are gehiago, gure kezka izanik euskeraren erabilera, aisialdian bereziki».
Izan ere, horixe da Zilegi Astearen helburua, Zilegi Eskolarena bezalaxe: «Euskera ikasten ari denak zein euskaldun zaharrak aisialdiaz gozatu ahal izateko guneak sortzea. Saio batzuk bereziki daude prestatuta euskera ikasten ari direnentzat, ulerterrazagoak; eta euskera maila altuxeagoa eskatuko dute beste batzuek. Baina helburua da euskera ezberdinek bat egitea. Erakutsi nahi dugu, euskera maila altua izan gabe posible dela euskeraz komunikatzea eta euskerazko aisialdiaz gozatzea. Askotan, euskera ikasleek ingurune erdalduna izaten dute, eta ez daukate norekin praktikatu. Horregatik dira hain aproposak euskaltegitik kanpoko saioak».
Astigarragan, joan den urtean bezalaxe, herria bera hartuko dute ardatz, txoko, istorio eta kontu ezberdinak ezagutzeko. Horrela, bisitatuko dituzte Erbetegi-Etxeberri baserria, herriko gune historikoak, Cafes Aitona lantegia, udaletxea eta ilarren baratza. Txalaparta saioa ere izango dute Olatz Arcarekin, emakumeei eta kirolari buruz ariko da Mundarroko Andoni Arraras, eta 1936ko Gerra Zibilak Astigarragan izan zuen eragina ere ekarriko dute erdigunera, 'Orri zuriak betetzen' dokumentalaren haritik tiraka, Gorka Arizkorretaren eskutik.
Hernanin, berriz, ekintza bat baino gehiago izango da aukeran goiz eta arratsalde bakoitzean. Denetik izango da: magoak, abokatuak, osteopatak, sukaldariak, idazleak, soziologoak...
Doakoa eta irekia da saio guztietan parte hartzea, baina komeni da aldez aurretik izena ematea: 663 043 314 telefonoan, edo zilegieskola@aek.eus helbide elektronikoan.
ZILEGI ASTEA
HERNANIN
MAIATZAK 13, astelehena
GOIZEAN (09:30)
Magia ikuskizuna: DesOrekatua
Andoni Martinez de Ustaranen eskutik, Milagrosan
Hipoteka kontuak
Alabe abokatuen eskutik, Biterin
Euskal Telebista, ezagutu
beharreko zerbitzu
Urtzi Urkizuren eskutik, Biterin
ARRATSALDEAN (18:00)
Etxeko sukaldaritza
Ana Ortaren eskutik,
Santa Barbara elkartean
Euskal Telebista, ezagutu
beharreko zerbitzu publikoa
Urtzi Urkizuren eskutik, Biterin
Osteopatia eta
begirada sistemikoa
Aintzane Balerdiren eskutik, Hernaniko AEKn
MAIATZAK 14, asteartea
GOIZEAN (09:30)
Tren-maketa erakusketa
Isaac Ansorenaren eskutik, AEKtik abiatuta
Sexalutateak
Edurne Mendizabalen eskutik, Kulturarteko Plaza Feministan
ARRATSALDEAN (18:00)
Txalaparta
Olatz Arcaren eskutik, Sandiusterrin
Euskal kantagintza berriaren historia laburra (1956-1990)
Andoni Tolosa 'Morau'ren
eskutik, Biterin
MAIATZAK 15, asteazkena
GOIZEAN (09:30)
Etxeko sukaldaritza
Santa Barbara elkartean
Demografia eta postegia: Pentsioen eta jaiotzen arteko 'harreman gezurtia'
Marta Luxanen eskutik,
Kulturarteko Plaza Feministan
Osteopatia eta begirada
sistemikoa
Aintzane Balerdiren eskutik, Hernaniko AEKn
ARRATSALDEAN (18:00)
Pentsamendu bisuala
Mattinen eskutik, AEKn
'Bazen behin...' irakurketa
kluba, Ana Malagonekin
Uxue Apaolazak gidatuta, Biterin
MAIATZAK 16, osteguna
GOIZEAN (09:30)
Eskalada (hastapena)
Mikel Urretabizkaiaren eta Julen Goiaren eskutik, Santa Barbarako eskalatzeko eremuan
ARRATSALDEAN (18:00)
Bisita gidatua Usurbilen
Usurbil Turismoaren eskutik, 17:45etan AEKn elkartuta, edo 18:00etan kultur etxeko atarian.
ZILEGI ASTEA
ASTIGARRAGAN
MAIATZAK 13, astelehena
GOIZEAN (10:00)
Txalaparta Goikoetxeatarrekin
Erbetegi-Etxeberri baserrira bisita
ARRATSALDEAN (18:00)
Txalaparta saioa
Olatz Arcaren eskutik, kultur etxe zaharreko aretoan
MAIATZAK 14, asteartea
GOIZEAN (10:00)
Gune historikoak
Lurdes Odriozolaren eskutik,
Astigarragan barrena
ARRATSALDEAN (18:00)
Emakumeak eta kirola
Andoni Arrarasen (Mundarro) eskutik, Erribera kulturgunean
MAIATZAK 15, asteazkena
GOIZEAN (10:00)
Cafes Aitonara bisita
Kafea nola txigortzen ikusiko dute, eta kafea dastatu
ARRATSALDEAN (18:00)
36ko gerra Astigarragan
Gorka Arizkorretaren eskutik, Erribera kulturgunean
MAIATZAK 16, osteguna
GOIZEAN (10:00)
Udaletxera bisita
Xabier Urdangarinen eskutik, Udalaren egitasmoak ezagutu eta udaletxea ikusteko bisita
Ilarren baratzera bisita
Periko Garmendiaren eskutik
ARRATSALDEAN (18:00)
Ilar pintxopotea
Herriko tabernetan