Mundarro Aietera eta Hernani Alegira, igoerarako azkenaurreko koxka gainditzera

Kronika - Erredakzioa 2024ko mai. 11a, 00:00

Lehia biziko partidua izango du Mundarrok gaur arratsaldean, Atletico San Sebastianen kontra.

Final fourraren semifinalak jokatuko dituzte bailarako bi taldeek: astigartarrek, Euskal Ligako bigarren mailara igo nahian, Atlético San Sebastián izango dute kontrario bihar; eta hernaniarrak, Gipuzkoako lehenengo mailarako bidean, Elorri-Aldaparen kontra ariko dira gaur.

Ederra egin zuten aurreko asteburuan, Mundarroko eta Hernaniko mutilen talde nagusiek, igoerako final fourrera sailkatuta. Baina ez dute nahi horretan geratzerik, eta azkeneko bi pausoak eman nahi dituzte; pauso zailenak eta garrantzitsuenak.

Mundarrok Euskal Ligako bigarren mailara igotzea dauka ilusioa. Moreak bikain aritu dira igoerarako ligaxkan, eta lau onenen artean sailkatuta, semifinala jokatuko dute bihar. Atlético San Sebastián izango dute kontrario, Donostian, Aieteko kiroldegian. Eguerdiko 13:00etan izango da hori.

Oso lehia estua espero da bi taldeen artean, final haundira sailkatzeko. Azkeneko aurrekaria oso frexko daukate, elkarren kontra aritu baitziren joan den larunbatean. Orduan, astigartarrak nagusitu ziren etxean (56-54), eta horri esker egin zuten aurrera. Donostiarrek, galdu arren, bigarren bukatu dute ligaxkan, zortzi garaipen eta sei porrotekin, Mundarrok bezalaxe. Ligaxkako beste partiduan, Aieten jokatu zutenean, Atletico nagusitu zen (82-75). Azkeneko minutuetan erabaki dira haien arteko bi partiduak, eta halakoa aurreikusi daiteke biharkoa ere.

Saski Axularrek eta Lezok jokatuko dute beste semifinala, gaur arratsaldean Donostiako Benta Berri kiroldegian. Irabazleek datorren asteburuan jokatuko dute finala.

 

Hernani Alegian gaur, Elorri-Aldaparen kontra

Astigartarren egoera bertsuan iritsi da Hernani ere, Gipuzkoako lehenengo mailara sailkatzeko azken fasera. Joan den larunbatean Eibarren irabazita lortu zuen final fourrera pasea, ligaxka hirugarren postuan bukatuta. Hori horrela, bigarren sailkatuaren kantxan jokatuko dute semifinala: Elorri-Aldaparen kontra, gaur arratsaldeko 16:15etan, Alegiko frontoian.

Aurrekariak ez dira onak hernaniarrentzat, Alegiko taldearen kontra, biak galdu baitituzte. Hernanin 50-65 nagusitu zen Elorri-Aldapa, eta Alegin 75-65 irabazi zuten etxekoek. Edonola ere, aspaldikoak dira bi erreferentziak, lehenengo fasean jokatuko baitzuten elkarren kontra.

Hori guztia atzean utzi, eta bolada onari segida eman nahi diote hernaniarrek. Izan ere, azkeneko lau partiduak irabazita iritsi dira final fourrera.

Beste semifinalean, Bosteko Irauli eta Casa de La Rioja izango dira aurrez aurre, gaur arratsaldean, Donostiako Paco Yoldin.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!