Euskal Herriko Itzuliak Hernani eta Astigarraga zeharkatuko ditu bihar

Kronika - Erredakzioa 2024ko mai. 11a, 00:00

Urumea bailaran izango da emakumezkoen tropela, beste behin.

Itzuliko hirugarren etapa Donostiatik abiatu berritan, 10:30ak aldera pasako da tropela bailaratik.

Atzo hasi zen Euskal Herriko Itzulia, eta hiru egunez, inguruko errepideetan barrena ibiliko dira emakumezko txirrindulari onenak. Gasteiz eta Elgoibar artean osatu zuten estreinako etapa, Basaurin hasi eta bukatu egingo dute bigarrena gaur, eta Donostian izango du irteera eta helmuga biharko etapak, azkenekoak.

Hain juxtu, Urumea bailaratik pasako da azkeneko etapa hori. Donostiatik abiatu eta berehala pasako dira bertatik, goizeko 10:30ak aldera. Errekaldetik etorrita, Sorgintxulotik sartuko da Hernanira, eta herria zeharkatuko du Latsunbe kaletik, Zinkoeneatik Astigarragarako bidea hartzeko. Troia, Tranbia eta Donostia ibilbideetatik egingo du bidea Astigarragan, eta Pelotari kaletik Kale Nagusira iritsita, Perurenarako bidea hartuko du.

115 kilometroko ibilbidea osatuko dute txirrindulariek, Jaizkibel, Gurutze eta Mendizorrotz mendateak igota, eta Donostian bukatuta.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!