'Orreaga 824' kultur astea antolatu du Nabarralde Fundazioak, Astigarragako Udalarekin elkarlanean

Kronika - Erredakzioa 2024ko mai. 11a, 00:00

Asteazkenean egin zuten kultur astearen aurkezpen prentsaurrekoa.

Maiatzaren 13tik 18ra izango da kultur astea, eta askotariko jarduerak antolatu dituzte; hala nola, hitzaldia, erakusketa, antzezlana eta jardunaldia. Partehartzea doakoa izango da guztietan, baina batzuetan izena eman behar da.

Orreagako azken guduarekin lotutako jarduera ugari izango dira datorren astean, hilaren 13tik 18ra, Astigarragan. Nabarralde Fundazioak, Astigarragako Udalarekin batera, 'Orreaga 824' kultur astea antolatu du, duela 1.200 urte gertatutakoei buruz hausnartu eta orduko gertakariak herrian ezagutarazteko. 

Aurkezpen prentsaurrekoan Nabarraldeko kideek azaldu zituzten 824ko guduko xehetasun batzuk: «Ordukoa izan zen enperadore frankoek Iruñeko baskoiak menderatu eta inperioan integratzeko egin zuten azken ahalegina. Eneko Aritza eta Banu Qasitarren arteko aliantza ere izan zen, Eblo kondearen eta Aznar Galindo arnegatuaren indar frankoen aurrean». Gainera, nabarmendu zuten «ez dela data militar hutsa», gudu horrek ahalbidetu baitzuen baskien gobernua. 

 

Lau jarduerako egitarauak ardaztuko du astea

Astelehenean egingo dute kultur asteko lehenengo jarduera. 'Orreaga eta Pirinioetako erresuma' erakusketa aurkezteko hitzaldia izango da, Erriberan. Angel Rekalde izango da hizlaria, eta 18 panelekin osatutako erakusketa zertan datzan azalduko du. Astelehenean bertaratu ezin dutenek aste osoan zehar ikusi ahal izango dute erakusketa. Ostiral arratsaldean, berriz, Lourdes Imaz zuzendariaren 'Orreagatik iragan hurbilera' antzezlana eskainiko dute, Erriberan.

Kultur asteko egunik potenteena maiatzaren 18a izango da. Hiru hitzaldi eta mahai inguru bat antolatu dituzte, eta aste osoan zehar ikusitakoa sakontasunez lantzeko aukera izango da bertan. Jardunaldiak ere Erribera kulturgunean egingo dituzte.

Gaiaren inguruko interesa dutenek, hurrengo orrialdeetan irakurgai daukate Orreagako gu­dei buruzko erreportajea, aurrerapen gisa.

 

ORREAGA 824

ASTIGARRAGA

MAIATZAK 13

19:00 Erakusketaren aurkezpen hitzaldia, Erriberan.

MAIATZAK 17

19:00 'Orreagatik iragan hurbilera' antzezlana, Erriberan.

MAIATZAK 18-Jardunaldia

09:00-10:00 Sarrera

10:00-10:30 'Baskoiak mende ilunetan'. Hizlaria: Peio Monteano

10:30-11:00' Orreaga-Errozabal. 824ko bataila'. Hizlaria: Xabier Irujo 

11:00-11:30 'Orreaga 824 bataila'. Hizlaria: Iñigo Larramendi

12:00-13:30 Mahai-ingurua: '824ko 1.200 urte'. Hizlariak: Iñaki Idigoras, Josean Beloki eta Idoia Arrieta Elizalde.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!