Kataluniako bi musika banda etorriko dira asteburuan Urumea bailarara, Banda Gazteen Topaketaren baitan

Kronika - Erredakzioa 2024ko mai. 11a, 00:00

El Prat de Llobregat herritik Astigarragara etorriko da L'Escola d'Arts en Viuko Blue Band.

Bergako Banda del Conservatori des Pirineus ariko da Hernanin, udaletxeko arkupeetan; eta Llobregateko Banda de l'Escola d'Arts en Viuk joko du Erriberako atarian. Bihar eguerdiko 12:30etan izango dira bi emanaldiak, doan.

Banda Gazteen Topaketa egingo dute asteburu honetan, Gipuzkoako hainbat herritan; eta Astigarraga eta Hernani izango dira horietako bi. Hori horrela, Kataluniako bi musika banda gazte etorriko dira Urumea bailarara, kontzertu bana eskaintzera. Bihar eguerdian izango dira bi emanaldiak, eguerdiko 12:30etan hasita.

Hernanin, Bergako Banda del Conservatori dels Pirineusek joko du, udaletxeko arkupeetan, eta Hernaniko Musika Banda Gaztearekin batera ariko da bertan. Astigarragara, berriz, El Prat de Llobregat herriko L'Escola d'Arts en Viutik etorriko dira, eta bertako Blue Bandek eskainiko du emanaldia Erriberako atarian.

Gaur arratsaldean hasiko dira Banda Gazteen Topaketak, Donostian. Izan ere, Musika eta Dantza Eskolen Batasunaren (UEMyD) Banden Jaialdia izango da Alderdi Ederren, 19:00etatik aurrera.

Bihar, berriz, lau herritan izango dira emanaldiak. Hernanikoaz eta Astigarragakoaz gain, Trintxerpen eta Lezon ere eskainiko dute kontzertu bana musika banda gazteek. Kataluniako Sant Boi herriko Blai Bandek joko du Trintxerpen, eguerdiko 12:00etan hasita, Serafín Esnaola plazan. Lezon, berriz, Madrilgo San Martin de la Vegako banda gaztea ariko da, 12:30etatik aurrera, Gurutze Santuaren plazan.

UEMyDrekin batera, topaketen antolaketan hartu dute parte Euskal Herriko Musika Eskolen Elkarteak, Hernani Musika Eskola Publikoak, Astigarragako Norberto Almandoz musika eskolak, Donostiako Musika eta Dantza Eskolak, Pasaia Musikal musika eskolak, eta Lezoko Tomas Garbizu musika eskolak.

Hernaniko Musika Banda, Sandiusterrin gaur

Helduen Hernaniko Musika Bandak ere eskainiko du kontzertua asteburu honetan. Sandiusterrin ariko da, zaharren egoitzako hirugarren solairuko egongelan, gaur goizeko 11:00etan hasita. Bertako egoiliarrentzat joko du Musika Bandak, eta entzungai izango dituzte musika herrikoia eta Tilosetako garai bateko dantzaldietan bandak jotzen zituen doinuak.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!