Maiatzaren 3an Donibane Lohitzunen gertatutako erailketa matxista dela eta, horretarako prestatuta dagoen Euskal Herriko Emakumeon Mundu Martxako protokoloa aktibatu da. Hortaz, kalera aterako dira Euskal Herriko Mugimendu Feministako kideak, eta erailketa matxista salatzeko hitzorduak jarri dituzte Urumea bailaran ere.
Honela, gaur arratsaldean, elkarretaratzea egingo dute Astigarragan, 19:00etan Joseba Barandiaran plazan, Emakumeon Etxeak antolatuta. Hernanin, berriz, biharko deitu du kontzentrazioa Hernaniko Koordinadora Feministak. Arratsaldeko 19:00etan izango da hori ere, Plaza Berrin. «Bertan parte hartzera animatu nahi ditugu herritarrak. Nazkatuta gaude!», aldarrikatu dute.
Deialdiekin bat egin dute Astigarragako eta Hernaniko Udalek, eta horietan parte hartzera deitu dituzte herritar guztiak.
Astigarragako Udalak, gainera, adierazpen instituzionala argitaratu zuen atzo, Udaleko alderdi politiko guztiek aho batez adostutakoa. Horretan, bere «gaitzespen irmoa» azaldu du Udalak erailketaren aurrean, eta elkartasuna adierazi die biktimaren senideei eta hurbilekoei. Gogorarazi du, era berean, heriotzek «emakumeenganako indarkeriaren arazoaren alderdi bat baino» ez dutela erakusten. «Tragedia honek berriro dakarkigu gogora erakundeek eta euskal gizarte osoak daukagun erantzukizuna, gure udalerrietan berdintasuna eraginkor egiteko».