Hernani 0-3 gailendu zen Astigarragaren aurka, pasa den ostiralean, Txomiñenen, Herriarteko final hamaseirenetako joanekoan. Lehen kanporaketa bideratu dute hernaniarrek. Ekhi Oses eta Lier Zugastik 22-10 irabazi zioten Imanol Ormazabal eta Oier Galarraga bikoteari kadeteen mailan. Jubeniletan, Xuban Iturbek eta Oihan Legarretak 22-15 lortu zuten garaipena bigarren puntua Hernaniri emanez; eta Josu Altunak eta Xabier Apaolazak 22-9 garaitu zituzten Aimar Mujika eta Oier Gurutzalde nagusietan. Bueltako partiduak datorren asteburuan izango dira Hernanin eta abantaila ezin hobea du Hernanik aurrera egin ahal izateko.
Astigartarrek ia ezinezkoa dute buelta ematea kanporaketari. Hiru partiduak irabazi behar dituzte eta gainera, 66-34ko tanteoa hobetu behar dute.
Hiru txapel Grabnin eta azpitxapeldun bat
Grabni txapelketan bailarako pelotariek hiru txapel lortu dituzte ezker horman eta trinketean. Xabier Barandiaran astigartarrak garaipen ona lortu zuen Gasteizen, banaka, Astronomoseko trinketean, Gil Gastearena nafarraren kontra 34-40 irabazi eta gero. Txapelketako partidurik onena jokatu zuen astigartarrak.
Binaka, 22 urtez azpikoen mailan, Unax Manterola eta Eneko Sorondo nagusi izan ziren Iparraldeko Aizpurua eta Carricart 31-40 garaitu eta gero. Sailkapen fasean Gipuzkoak 23-40 galdu zuen Iparraldearen aurka eta finalean, berriz, gipuzkoarrak nagusi izan ziren.
Jon Jarak ere finala jokatu zuen, banaka, 22 urtez azpikoen mailan, baina finala galdu egin zuen Nafarroako Murillo ordezkariaren aurka. Hemen ordea, sailkapen fasean Jarak lortu zuen 30-40 irabaztea, baina finalean ezin izan zuen garaipena errepikatu.
Eskuz, ezker horman, bailarako ordezkari bakarra Beñat Apezetxea goizuetarra izan zen finaletan. Apeztegiarekin batera, Nafarroako bikotea, Landa eta Amianoren aurka ari ziren jokatzen Ogetan. Landa gipuzkoarra lesionatu egin zen 6-3 irabazten ari zirenean, eta beraz 6-22 lortu zuen txapela Nafarroak.
Grabni txapelketa amaitu da aurten Nafarroako taldearen nagusitasunarekin modalitate guztiak kontutan hartuz gero. Nafarrek guztira 16 txapela lortu dituzte ezker horman eta Gipuzkoak 11 lortu ditu. Bizkaia izan da bigarren 13 txapelekin. Trinketean seinako berdinketa izan da Gipuzkoa eta Nafarroaren artean.