Ez zuen hutsik egin Joxe Mari Etxebestek Idiazabalen, igandean, Gipuzkoako Koparen azkeneko tiraldian; eta txapeldun izan da astigartarra gizonezkoetan. 183 brilarekin nagusitu da, Ibon Miner ereñotzuarraren aurretik (180 brila).
Idiazabalen, Hernaniko Mikel Arroio izan zen onena, 48 brila botata. Bat gutxiago bota zuten Ibon Minerrek, Jokin Izagirrek eta Sergio Aristik, eta 46 lortu zituen Etxebestek, aurreneko postuari eusteko. Azkeneko tiraldian nagusituta, Kopako sailkapenaren laugarren postura igo da Arroio, 175 brilarekin.
Emakumezkoetan, denen gainetik aritu zen Aitziber Makatzaga zeraindarra Idiazabalen, eta berak eskuratu du Gipuzkoako Kopa ere, 142 brilarekin. Makatzagak 44 brila bota zituen igandean, Elena Aldaz bigarrenak baino bost gehiago; eta hirugarren sailkatu zen Rosa Santos astigartarra, 38 brilarekin. Martxeli Kanflanka ereñotzuarra bederatzigarren izan zen, 34 brilarekin. Hori horrela, sailkapen nagusian ere hirugarren bukatu du Santosek (130 brila), eta bederatzigarren Kanflankak (90 brila).
Gipuzkoako Txapelketa, hilaren 19an Lasarte-Orian
Datorren asteburuan atseden hartuko dute bolariek, eta Gipuzkoako Txapelketa jokatuko dute hurrengoan, bolan zein tokan. Maiatzaren 19an izango da hori, Lasarte-Orian.