Bailarako futbol talde nagusien artean Mundarrok bakarrik lortu ditu puntuak azken jardunaldian. Astigartarrek Zarkumendegin jokatu zuten, eta 2-0 gailendu ziren Rotetaren aurkako norgehiagokan.
Azken bi jardunaldiak lasaitasunez jokatuko ditu Mundarrok. Sailkapeneko 12garren postuan dago taldea, eta azken hiru partiduetan lortutako emaitza onei esker mailari eustea lortu dute dagoeneko. Asteburu honetan Santo Tomas Lizeoaren aurka jokatuko dute Berion, eta denboraldia etxean itxiko dute, Getariaren aurkako partiduarekin.
Hiru jardunaldi geratzen zaizkio Hernaniko gizonezkoen Ohorezko Erregional mailako taldeari. Asteburuan emaitza txarra jaso du taldeak, Amaikak Bat taldearen aurka 1-2 galduta. Hernaniren gola Beñat Mendizabalek sartu zuen, faltaz. Asteburu honetan Lagun Onaken aurka arituko dira berdeak, eta denboraldia sailkapenaren erdialdean bukatuko dute.
Bi jardunaldi, seigarren postuari eusteko
Euskal Ligako neskek ere ezin izan zituzten puntuak lortu Eibarren. Bi jardunaldi besterik ez zaizkie geratzen, eta denboraldia seigarren postua mantenduta borobildu nahi dute. Asteburu honetan Zubipera itzuliko dira, eta Anaitasuna izango dute aurkari. Azken jardunaldian, berriz, Leioan arituko dira.