Hirugarren eta laugarren geratu ziren Tturko eta Lasarte, hurrenez hurren

Kronika - Erredakzioa 2024ko mai. 5a, 00:00

Iker Ormazabal 'Tturko', Altzon.

314 puntu eskuratu zituen Tturkok, eta 303,5 Lasartek. Datorren ostegunean Tolaretxipiren eta Pagolaren txanda izango da.

Aurrera doa Gipuzkoako Bertsolari Txapelketara sailkatzeko Gipuzkoa Bertsotan fasea. Aste honetan lau saio jokatu dira, eta horietatik bitan abestu dute bailarako bertsolariek.

Ostegun arratsaldean Altzon aritu zen Iker Ormazabal 'Tturko'. Hernaniarrak hirugarren postuan amaitu zuen saioa, 314 puntu eskuratuta. Garailea Jon Gurrutxaga azpeitiarra izan zen, eta honela geratu zen sailkapena: Jon Gurrutxaga (332), Eneritz Artetxe (327), Iker Ormazabal (314), Manex Mujika (308), Mikel Etxezarreta (296,5) eta Danel Olano (295).

Arnaitz Lasarte ereñotzuarrak, berriz, ostiral arrastaldean abestu zuen, Orion. Oholtzara bueltan txukun aritu zen Lasarte, eta laugarren postuan amaitu zuen, 303,5 punturekin. Orioko saioa Beñat Iguaranek irabazi zuen, eta ondorengoa izan zen puntuaketa: Beñat Iguaran (316,5), Ane Beloki (308), Aratz Igartzabal (306,5), Arnaitz Lasarte (303,5), Martin Berrizbeitia (299,5) eta Axier Bergaretxe (246).


 

Tolaretxipi eta Pagola, ostegunean

Ostegun honetan bailarako beste bi bertsolariren txanda izango da. A multzoko saioan arituko da Eli Pagola ereñotzuarra, Idiazabalen. Ekain Tolaretxipi hernaniarrak, aldiz, B multzokoan abestuko du, Getarian. Arratsaldeko 19:00etan izango dira bi saioak, eta Getarikorako azken sarrerak eskuragarri daude bertsosarrerak.eus atarian.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!