Malen Barrenetxeak eta Ane Zapirainek garaipena lortu dute

Kronika - Erredakzioa 2024ko api. 30a, 00:00

Arrespalditzan aritu ziren aizkolari eta harrijasotzaile denak.

Nerea Arrutirekin eta Oihana Fernandez de Barrenarekin bikote osatuz jardunaldia irabazi dute Arrespalditzan, Binakako Aizkolarietan.

Malen Barrenetxeak eta Ane Zapirainek Binakako Aizkolarien Txapelketan garaipena lortu zuten Arrespalditzan. Malen Barrenetxeak, Nerea Arrutirekin osatu zuen bikotea; eta Lucia Orbe eta Xanta Sousa garaitu zituzten. 12:34ko denborarekin, ia sei minutuko aldea lortu zuten eta, Zumaiako bi puntuak eta gero, beste bi puntu eskuratu zituzten. Ane Zapirain astigartarrak, Oihana Fernadez de Barrenarekin osatu zuen bikotea eta hiru segunduko aldearekin garaitu zituzten Betariz Tanco eta Uxue Ansorregi. Azken lanean eman zioten buelta emaitzari eta bi puntu lortu zituzten.

 

Bihar Suharri 'Paolla', Lazkaon, eta Igoin Pikabea, Estibalizeko Santutegian

Urrezko Aizkolarien txapelketan Suharri Rodriguez 'Paolla' Lazkaon arituko da bihar, 12:00etan, Lazkaoko Euskadi Enparantzan. Zumaian sailkapena lortu eta gero hurrengo kanporaketan Julen Larrea, Ugaitz Mugertza, Eneko Otaño, Ibai Soroa, Txomin Amundarain, Ioritz Gisasola, Julen Gabirondo, Oier Kañamares IV, Julen Kañamares III, Xuban Kañamares V eta Xabier Zaldua izango ditu aurkari. Bi aizkolari pasatzen dira hurrengo fasera.

Estibalitzen, 12:00etan, Gazte Mailako txapelketa hasiko da eta Igoin Pikabea sartuko da lehian, Isidro Velasco, Jokin Larrieta eta Patxi Igoarekin batera.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!