Mendialdeko finaletan nagusituta, txapel sorta ederra lortu dute bailarako esku pelotariek

Kronika - Erredakzioa 2024ko api. 30a, 00:00

Mendialdeko Txapelketaren finalistak; tartean, Antton Apezetxea, Beñat Apezetxea, Josu Altuna eta Egoitz Elizegi.

Txapeldun izan ziren Beñat Apezetxea, Antton Apezetxea, Josu Altuna eta Egoitz Elizegi, ostiralean Goizuetan. Bestalde, Udaberriko Txapelketaren finala irabazi zuten Aratz Labakak eta Oier Arsuagak, eta Nafar Jokoetakoa Joan Olaizolak eta Inar Lujanbiok.

Oso asteburu oparoa izan da Urumea bailarako esku pelotarientzat; bereziki, Mendialdeko Txapelketan: bertako lau pelotari aritu ziren ostiraleko finaletan, Goizuetan, eta lauek lortu zuten garaipena.

Nagusien lehenengo mailan, erakustaldia eman zuten, beste behin, Beñat Apezetxea eta Antton Apezetxea goizuetarrek. Lagunak taldeko Arribillaga eta Peñalver izan zituzten kontrario, eta 22-11 nagusitu ziren.

Nagusien bigarren mailan, be­rriz, Josu Altuna hernaniarrak jantzi zuen txapela. Juaristi azkoitiarrarekin batera aritu zen, Larraungo Iriarteren eta Araxesko Orejaren kontra; eta erraz nagusitu ziren gipuzkoarrak (22-9).

Eta gazteen lehenengo mailan, azkenik, Egoitz Elizegi goizuetarrak lortu zuen garaipena, Larraungo Nazabalekin bikotea osatuta. 22-10 nagusitu ziren, Aurrerako Sagastibeltzaren eta Larraungo Telletxearen kontra.

Udaberriko Txapelketan nagusi, Aratz Labaka eta Oier Arsuaga

Baztango Udaberriko Txapelketaren finalak ere jokatu dituzte asteburu honetan, Elizondon. Bertan aritu dira Aratz Labaka eta Oier Arsuaga hernaniarrak, infantil mailako finalean; eta alde haundiarekin irabazi zuten, Ilunpeko Ansolaren eta Urrestillaren kontra (18-4).
 

Joan Olaizola eta Inar Lujanbio txapeldun, Nafar Jokoetan

Final gehiago ere izan dira Nafarroako herrietan, egunotan. Zehazki, Nafar Jokoetako bigarren fasearen hainbat final jokatu zituzten larunbatean, Lizarran eta Iruritan, besteak beste, goizuetarrak tartean zirela. Lizarran aritu ziren Joan Olaizola eta Inar Lujanbio, sein mailako finalean; eta bi jokotan nagusitu ziren, Aurrerako Saizarren eta Bengoetxearen kontra: 10-1 nagusitu ziren aurrenekoan, eta gehixeago kostata, 10-7 bigarrenean.

Iruritan, berriz, haur mailako finala jokatu zuen Axel Salaberriak, Aurrerako Ugartemendiarekin batera. Ezin izan zuten garaipena lortu, 7-18 nagusitu baitzitzaizkien Atarrabiako Ezkurra eta Santesteban.

GRABNIko finalean ariko da Unax Manterola, trinketean

Txapelketa ofizialei dagokienean, GRABNIko semifinalak jokatu dituzte bi hernaniarrek. Trinketean, 22 urtez azpikoena jokatu zuen Unax Manterolak Mendillorrin, Alde Zaharrako Sorondorekin batera, Pascual eta Sainz bizkaitarren kontra. Partidu estuan, 40-36 nagusitu ziren gipuzkoarrak, eta finala jokatuko dute datorren asteburuan, Gasteizko Maitenan, Iparralderen kontra.

Aldiz, GRABNIko finala jokatu gabe geratuko da Markel Lizeaga. Ezker hormako senior mailako semifinala jokatu zuen, Soraluzeko Muruarekin, Canabal eta Cuairan nafarren kontra. Partidu lehiatua eta gogorra jokatu zuten lauek, eta nafarrek lortu zuten garaipena azkenean (20-22).

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!