Libe Goenaga, Maider Arregi eta Haizea Arana nagusi, eta 'Anatx' bosgarren, Gabiriko saioan

Kronika - Erredakzioa 2024ko api. 28a, 00:00

Gipuzkoa Bertsotan sailkapen fasea hasi da. Eskoriatza eta Zestoako saioak A multzokoak izan ziren eta Gabirikoa B multzokoa.

Gipuzkoa Bertsotan txapelketa hasi da lehendabiziko hiru saioekin. Gipuzkoako Bertsolari Txapelketarako sailkapen fasea da eta lehendabiziko hiru saioetan bailarako bertsolari bakarrak hartu du parte, Andoni Mujika Anatxek. Gabirin, ostiraleko B multzoko saioan, hernaniarrak bosgarren amaitu zuen 307 punturekin.  Maila haundiko saioa izan zen eta Maider Arregi gailendu zen 360,5 punturekin. Ondoren sailkatu ziren: Aitor Tatiegi (321,5 puntu), Uxue Fernandez (313,5 puntu), Aitor Zubikarai (313 puntu), Anatx (307 puntu) eta Urko Egaña (298 puntu). 

Lehenengo saioa Eskoriatzan izan zen ostegunean, A multzoari zegokiona. Libe Goenaga nagusitu zen bertan 330 punturekin. Areto bete-betearekin aritu ziren bertsotan bertsolariak. Honela geratu zen puntuazioa: Libe Goenaga (330 puntu), Peru Aiartza (316,5 puntu), Emaitz Murua (312,5 puntu), Andoitz Urdapilleta (302,5 puntu), Antton Fernandez (299,5 puntu), Asier Ibarguren (297,5), Jon Mata (269 puntu) eta Joar Garate (258 puntu).

Gipuzkoa Bertsotanek hirugarren saio bat izan zuen ostiralean Zestoan, A multzoko bigarrena. Saioko irabazlea Haizea Arana izan zen, 333 punturekin. Honela geratu zen sailkapena: Haizea Arana (333 puntu), Eneko Araiztegi Agirre (329,5 puntu), Oihana Arana (319,5 puntu), Julen Zulaika (316,5 puntu), Eneko Beretxinaga (305 puntu) eta Amets Aizpurua Mancisidor (296 puntu).

Hurrengo saioak Altzon (maiatzak 2), Zaldibian (maiatzak 2), Orion (maiatzak 3) eta Legorretan (maiatzak 3) izango dira. Altzoko sarrerak agortu dira, baina Zaldibikoak oraindik geratzen dira: bertsosarrerak.eus atarian daude salgai, eta saioaren egunean geratuko balira, aretoko txarteldegian, saioa baino ordu erdi aurretik. Altzon Iker Ormazabal Tturko arituko da eta Orion Arnaitz Lasarte.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!