Martxan da 'Geurea erabil dezakezu' kanpaina, Altxa Burua Hernani! elkartearen ekimenez, Hernaniko Udalaren, Ereñotzuko Auzo Udalaren eta Berriak elkartearen laguntzarekin. Horren bitartez, herriko 8 eta 16 urte bitarteko haur eta nerabeek aukera izango dute 55 establezimendutako eta udal eraikinetako telefonoak erabiltzeko, behar dutenean. Establezimendu eta eraikin horiek pegatina berde bat izango dute identifikatzeko, 'Geurea erabil dezakezu' dioena.
Martxoan aurkeztu zuten kanpaina, establezimenduei bat egiteko deia luzatuz; eta asko izan dira beraien telefonoa eskuragarri jarri dutenak. «Hernaniko establezimenduek jarrera positiboa izan dute kanpainarekiko», nabarmendu dute. 55 komertziok eta tabernak egin dute bat kanpainarekin, eta pegatinaren bitartez jakin ahal izango dute haur eta nerabeek, bertako telefonoa erabili dezaketela.
Izena emateko aukera oraindik, establezimenduek
Beste establezimenduren batek kanpainarekin bat egin nahi badu, izena emateko aukera dauka oraindik, nahi duenean. Horretarako, posta elektronikoz jarri daiteke harremanetan Hernaniko Udaleko Merkataritza Sailarekin (merkataritza@hernani.eus), Gazteria Sailarekin (gazteria@hernani.eus) edo Berriak Merkatari eta Ostalarien elkartearekin
(berriak@hernanidendak.eus).
Kanpainaren helburua da «lehenengo telefono mugikorra eskuratzeko adina atzeratzea, haur eta nerabeak kalean mugikorrik gabe ibiltzea sustatzea, gailuaren beharra gutxitzea, eta modu autonomoan herriaz gozatzea». Gainera, Hernaniko herritarrak ere kontzientziatu nahi dituzte, «mugikorraren gehiegizko erabileraren inguruan».