Gaur izango dira Eusko Legebiltzarra osatzeko hauteskundeak, datozen lau urteetarako. Hori horrela, hautetsontziekin daukate hitzordua Urumea bailarako 21.508 herritarrek.
Goizeko 09:00etan irekiko dituzte hauteslekuak, eta iluntzeko 20:00ak arte izango da botoa emateko aukera. Hernanin, 15.268 herritar daude deituta gaurkoan botoa ematera, eta zortzi gune ezberdinetan egin beharko dute: Biterin (3.060 herritar), Kulturarteko Plaza Feministan (2.591), Haurreskolan (2.343), Laubidietan (2.215), Elizatxon (1.818), Bidebietan (1.685), Zikuñagan (890) eta Larramendi kaleko 11garrenean (666).
Astigarragan, 5.746 herritarrek eman dezakete botoa, guztiek ere Erribera kulturgunean, zazpi mahaiak egongo baitira bertan. Eta Ereñotzun, 494 herritar daude botoa ematera deituta, Auzo Udaleko aretoan.
Gipuzkoarrek 25 legebiltzarkide aukeratuko dituzte, eta guztira 75 ordezkarik osatuko dute Eusko Legebiltzarra. 11 alderdi izan dira bere zerrenda aurkeztu dutenak Gipuzkoan, eta horien artean aukeratu beharko dute bailarako herritarrek: EH Bildu, EAJ-PNV, PSE-EE, PP, Elkarrekin Podemos, Sumar, PACMA, Partido Político por un Mundo Justo, Escaños en Blanco, Vox eta Izan.
2020ko uztailean izan ziren aurreko hauteskundeak, pandemia betean; eta %50,78koa izan zen partehartzea orduan. Altuagoa espero da gaurkoan.