Eusko Legebiltzarrerako hauteskundeak, bihar

Kronika - Erredakzioa 2024ko api. 20a, 00:00

Bihar izango dira Legebiltzarreko hauteskundeak, eta bozkatzera deituak izan dira 16.261 hernaniar eta 5.746 astigartar. Goizeko 09:00etatik arratsaldeko 20:00ak arte egongo da botoa emateko aukera. 

Bihar izango dira Eusko Legebiltzarrerako hauteskundeak, 2020az geroztik ez da hauteskunde autonomikorik izan, eta, beraz, bihar hitzordu garrantzitsua izango dute hernaniarrek, ereñotzuarrek eta astigartarrek. Udaberrian izango dira aurtengo Eusko Legebiltzarreko hauteskundeak, eta honela Legebiltzarra, udara aurretik osatuko dute. 

Euskal Autonomia Erkidegoan,  1.795.212 lagun daude botoa ematera deituta; horietatik 587.711 lagun Gipuzkoan, hauetatik 16.261 Hernanin, eta 5.746, berriz, Astigarragan. 

Bihar goizeko 09:00etatik aurrera eman ahal izango dute bozka herritarrek, eta iluntzeko 20:00ak arte egongo da horretarako aukera. Ordu horietan aukeratuko dira Gasteizeko Legebiltzarra osatuko duten 75 ordezkariak; Gipuzkoan, Bizkaian eta Araban 25na legebiltzarkide aukeratuko dituzte.

Prest du dagoeneko Eusko Jaurlaritzak biharko makinaria guztia, izan ere, berrikuntzen artean, emaitzak modu «seguruagoan eta fidagarriagoan» bildu, prozesatu eta zabaltzeko aplikazio informatiko berria sortu dute. Gaueko 22:30etarako 2.695 hauteslekuetako botoak % 100 zenbatuta izatea aurreikusten dute, «aurreko urteetan bezala».

Hernaniko eta Astigarragako hautesleei dagokienez, Gipuzkoan aurkeztu diren 11 aukeretako baten alde eman beharko dute bozka. Eta ondorengoak dira, Gipuzkoako 11 alderdiak eta horietako batzuen lehendakarigaiak:  Imanol Pradales, EAJ-PNVk; Pello Otxandiano, EH Bildu; Eneko Andueza, PSE-EE; Javier de Andres, PP; Miren Gorrotxategi, Elkarrekin Podemos; Alba Garcia, Sumar; eta Amaia Martinez, Vox, PACMA, Partido por un Mundo más Justo, Escaños en Blanco eta Izan. 

Mahaiak Hernanin eta Astigarragan

Hernanin ondorengo lekuetan jarriko dituzte mahaiak; Biterin 5, Kulturarteko Plaza Feministan 4, Haurreskolan 3, Laubidietan 3, Elizatxon 3, Bidebietan 2, Zikuñagan 1, Larramendi 11n 1 eta Ereñotzun 1. Astigarragan, berriz,  Erribera kulturgunean eman ahal izango dute botoa, eta guztira 7 mahai jarriko dira.

 

PARTAIDETZA URTEZ URTE

2020 50,78%

2016 60,02%

2012 63,96%

2009 64,68%

2005 67,88%

2001 78,48%

1998 70%

1994 59,69%

1990 61%

1986 69,62%

1984 68,49%

1980 59,76%

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!