Errenta aitorpena egin daiteke dagoeneko era ezberdinetan

Kronika - Erredakzioa 2024ko api. 20a, 00:00
Hernaniko bulegoa, Gipuzkoan daudenetako bat da.

Proposamena jaso duten gipuzkoarrek eta nafarrek, interneten ikusi eta onartu dezakete, 'gipuzkoa.eus/ogasuna/errenta'  eta 'errenta.nafarroa.eus'-en.

Martxan da 2023ko errenta aitorpenaren kanpaina, eta hiru hilabetez luzatuko da, ekainaren bukaerara edota uztailaren hasierara bitarte, lurraldearen arabera. Nafarroan, aurkezteko epea, ekainaren 27ra arte dute aranoarrek eta goizuetarrek; eta ohi bezala, aukera izango da internet bidez, aurrez aurre edota telefono bidezko laguntzarekin egiteko. 

Aurreko urteetan bezala, aitorpen proposamen ugari prestatu dituzte Gipuzkoako Foru Aldundiak eta Nafarroako Gobernuak, dauzkaten datuekin. Internet bidez kontsultatu dezake norberak, proposamenik prestatu ote dioten: gipuzkoa.eus/ogasuna/errenta webgunean gipuzkoarrek, eta errenta.na­fa­rroa.eus atarian nafarrek. Horietako batzuk postaz bidali dituzte: 250.000 baino gehiago Gipuzkoan, eta 65 urtetik gorako guztiei Nafarroan (proposamena prestatu badiete). Proposamena zuzena izanez gero, Nafarroako kasuan ez da ezer egin behar; eta Gipuzkoan, onartu egin behar da, webgunean bertan edo 943 11 30 00 telefonora deituta. Gipuzkoako Ogasunak modalitate horren «onarpen nabarmena» azpimarratu du, azken kanpainan 224.487 proposamen onartu baitziren, hau da, bidalitako 269.344 proposamenen %83.

Ados egon ezean, berriz, beste modalitate batean egin beharko dugu errenta aitorpena.

Internet bidez egin daiteke

Errenta aitorpena internet bidez egin nahi duenak, dagoeneko badauka horretarako aukera, au­rrez aipatutako webguneetan. Gipuzkoan eskuratu daiteke norberaren zerga informazioa, Gipuzkoataria egoitza elektronikoan; postaz bidaltzea ere eskatu daiteke. Errenta aitorpenari eskainitako webgunean egin behar da hori ere (gipuzkoa.eus/ogasuna/errenta). Atari horretan bertan, laguntza programa ere bideratu du Aldundiak, aitorpena internet bidez egiteko beharrezko argibide eta jarraibide guztiekin.

Nafarroan ere, zabaldu zuten aitorpena internet bidez egiteko epea, errenta.nafarroa.eus atarian. Bertan eskuratu ahal izango ditugu aitorpena osatzeko datuak, eta laguntza programa ere deskargatuko dugu webgunean, internet bidezko aitorpena egin eta aurkezteko. Edozein argibide ere, errenta aitorpenari eskainitako atarian topatuko dugu.

Batean zein bestean, egiaztagiri digitalen bat beharko dugu, errenta aitorpena internet bidez egiteko: Gipuzkoan, BAK, B@kQ edo ziurtagiri elektronikoa; eta Nafarroan, Cl@ve, ziurtagiri digitala edo PINa. Horietakoren bat izan ezean, aurrez aipatutako webguneetan topatuko ditugu jarraibideak, eskuratu ahal izateko.

Errenta aitorpena aurrez aurre egiteko, hitzordua

Internet bidez beharrean, errenta aitorpena presentzialki aurkeztu nahi dutenek, pasa den asteartetik dute horretarako aukera. Horretarako, hitzordua eskatu beharko da aldez aurretik, gipuzkoa.eus/ogasuna/errenta webgunean edota 943 11 30 00 telefonoan ekainaren 7ra arte. Ohi bezala, Hernanin izango da bulegoetako bat, Latsunbeberri auzoko 8 eta 9 atarietan. Astelehenetik larunbatera egongo da zabalik, goizeko 08:00etatik 14:00etara. Donostian, berriz, hiru bulego izango dira, honako helbideetan: Errotaburu pasealekua 2, Sekundino Esnaola 10-12, eta Antxo Jakituna 9.

Errenta aitorpena bulegoan egiteko, eraman beharko dira sarrera, gastu, murrizpen, kenkari eta abarren egiaztagiriak, eta kontu korronteko IBAN kodea, aitorpenetik ateratako ordainketa edo kobraketa helbideratzeko.

Nafarroan, Aranotik eta Goizuetatik gertuen, izango dira Doneztebekoa (Santa Lucia 6) eta Iruñekoa (Eskiroz 16). Gainerakoak, Tuteran, Lizarran eta Tafallan zabalduko dituzte. Aitorpena presentzialki egiteko, dagoeneko eskatu daiteke hitzordua, atzotik, errenta.nafarroa.eus webgunean edota honako telefono zenbakietan: 948 50 55 05 eta 948 50 55 06 (astelehenetik ostegunera 08:00-17:30, eta ostiraletan 08:00-15:00).

Presentzialki beharrean, telefonoz egiteko aukera eskaini du Nafarroako Gobernuak aurten ere. Horretarako, dagoeneko eskatu daiteke hitzordua, internet bidez, errenta.nafarroa.eus webgunean edo aurrez aipatutako telefonoetan (948 50 55 05 eta 948 50 55 06); eta aukeratutako egunean eta orduan, Ogasunak deituko du 948 10 61 06 telefonotik, errenta aitorpena egin ahal izateko. 

Hain justu, azkeneko telefono horretara (948 10 61 06) deitu dezakegu, zerga arloko kontsultak eta errenta tramiteak egiteko. Eta beste telefono zenbaki bat ere jarri du Nafarroako Ogasunak, herritarren eskura: errenta aitorpena internet bidez egitean arazo informatikoak izanez gero, 948 01 35 55 telefonora deitu dezakegu, edo soportec@navarra.es helbide elektronikora idatzi.

Doberako bazkideek eta Kronikakideek %30eko kenkaria, errenta aitorpenean

Errenta aitorpena egitean, Dobera Euskara Elkarteko bazkide edota Kronikakide direnek kenkaria izango dute Gipuzkoako Ogasunean, lehentasunezko jarduera izanik. Hori horrela, bazkidetza kuotaren %30a bueltatuko diete, aitorpena egitean.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!