«Datuak xehe begiratuta ikusten da gure ahulgune nagusia dela hizkuntza gaitasuna»

Kronika - Erredakzioa 2024ko api. 20a, 00:00
Iñaki Iurrebaso soziologoak Hernanin eta Astigarragan eskainiko du hitzaldia.

'Euskeraren egoera gaur. Zer diote datuek?' hitzaldia eskainiko du Iñaki Iurrebaso soziologoak datozen egunetan. Apirilaren 24an Hernaniko Udaletxeko areto nagusian izango da (18:30) eta apirilaren 25ean Erriberan (18:00). Hitzaldiaren nondik norakoak aletu ditu Iurrebasok, Kronikari eskainitako elkarrizketan.

Aurrez kontuan hartu gabeko aldagaiak sartu dituzu zure tesian, hiztunaren trebetasuna, esaterako. Zer eragin dute aldagai horiek kale erabileran?

Asko laburtuta, tesian aztertu dut nola eragiten duen hizkuntza gaitasunak erabileran, eta nola konparatu daitekeen, hizkuntza gaitasuna kontuan hartuta, erabilera maila ona edo txarra den. Euskal Herrian 10 pertsonatik 7k ez daki euskeraz hitz egiten, eta euskeraz dakigun ia denok gara elebidunak. Orduan, horrek eragiten du euskera erabiltzeko aukera praktikoa urria izatea; hau da, euskaldun askok bere bizitza arrunteko egoera askotan erderaz egin behar dutela nahitaez. 

Hori kontuan hartuta, dagoen erabilera maila txukuna da. Are gehiago nabarmentzen badugu erraztasunaren alderdia; izan ere, hiztunek berez badute errazago zaien hizkuntza erabiltzeko joera, arrazoi praktikoengatik. Horregatik, daukagun arazoetako bat da hizkuntza gaitasunean euskaldun gehiago direla erderaz hobeto moldatzen direnak. Gehiago dira erdal elebidunak euskal elebidunak baino. 

Hala ere, jendeari eroso zaiona baino gehiago erabiltzen dugu bataz beste euskera. Euskera errazago egiten dutenek, nagusiki, euskerara jotzen dute beti, baina erderaz errazago egiten duten elebidunen artean denetik dago. Badaude erderaz errazago egin arren euskeraren oso militanteak diren hiztunak, edota egoera jakin batzuetan, seme alabekin daudenean adibidez, euskerara jotzen dutenak. Horiek gure aldeko portaerak dira, baloratu beharrekoak, eta euskeraren indartzerako positiboak. 

Diozunak, hein haundi batean, orain arteko diskurtsoa zalantzan jartzen du. 

Orain arte nagusitu den diskurtsoak esaten zigun indargunea genuela hizkuntza gaitasunean. Ondorio hori dator euskeraz dakien jende kopurua erabiltzen duen jende kopurua baino haundiagoa delako. Hala ere, datuak pixka bat xeheago begiratuta, juxtu kontrakoa da azaleratzen dena: gure ahulgune nagusia dela gaitasuna. Euskal Herria osotasunean hartuta, 10etik 7k ez dakite euskeraz hitz egiten, eta euskeraz bakarrik dakitenak ia ez dira geratzen (%0,5). Horrek suposatzen du ikaragarrizko desoreka daukagula. Elebakarrak, nolabait esateko, bere hizkuntza inposatzen dio elebidunari, eta hainbeste erdal elebakar izanda, egoera praktikoetan askotan erabili behar da beste hizkuntza. Euskeraz dakigunak 10etik 3 bakarrik gara, ia denak elebidunak, eta ez bakarrik elebidunak, baizik eta erdal elebidunak. Daukagun oinarria ahula da, oso ahula, eta hori kontuan hartuta, erabilera maila ona da. 

Gure bailaran arnasguneak dauzkagu, baita UEMAko kide diren herriak ere. Zein da arnasguneen eta herri euskaldunen egoera? Zein garrantzi dute?

Garrantzitik hasita, arnasgune deitzen diegu euskera nagusi den lurraldeei. Eremu horietan sortzen dira hiztunik gaituenak, euskeraz errazago egiten duten hiztunak. Erdera nagusi den eremu batean, Iruñean edo Bilbon adibidez, ez da erraza euskeraz errazago egingo duen hiztun bat sortzea; aldiz, Goizuetan edo Ereñotzun aukera haundiak daude. Hiztun hori da gerora euskera gehiago erabiliko duena, eta hiztun hori da euskerari, neurri haundi batean, hauspoa emango diona. Horregatik dira funtsezkoak eremu hauek. Azkenean, arnasguneak dira euskeraren aldeko ditugun jokozelai bakarrak.

Adibide batekin argiago ikusten da guzti hori. Demagun haur jaioberria duen familia bat etortzen dela Alemaniatik edo Marokotik, eta ez dakitela euskeraz eta gaztelaniaz hitz egiten. Familia hori jartzen bada arnasgune batean bizitzen, ume horrek hamar urte dituenerako errazago egingo du euskeraz erderaz baino, inolako zalantzarik gabe. Aldiz, familia hori herri erdaldundu batera joaten bada, alderantzizkoa izango da joera. Testuinguruak izugarri baldintzatzen du hiztunen profila eta dinamika soziolinguistikoa. Arnasguneak dira aldeko ditugun eremuak, eta horiek galtzea sekulako kolpea izango litzateke euskerarentzat. 

Gaur egun daukagun egoera ez da onena, ahultzen ari direlako arnasguneak. Duela 20 urte indartsuago zeuden. 

Zer egin daiteke arnasguneak berrindartzeko?

Hasteko, duten garrantzia eman. Berri xamarra da eremu hauei garrantzia ematea, eta horrekin pozik nago. Kontuan izan behar da zonalde hauetan euskeraren pixua ahultzea arazo demografikoen, ekonomikoen eta urbanistikoen ondorioa dela. Ez da hainbeste betiko hiztunen portaera aldaketa baten ondorioa, baizik eta gertatu diren mugimendu eta abarrena. Horri begiratu behar zaio, besteak beste. 

Euskeraren egungo egoera duela 50 urtekoa baino hobea da? Euskaldunagoak gara?

Datu sendoak azken 30 urteei buruzkoak dira. Duela 50 urteko egoerari buruzko informazio gutxi daukagu, baina, daukagunaren arabera, ausartuko nintzateke esatera duela 50 urte baino hobeto bagaudela, baina duela 20 baino okerrago. Frankismoan beheranzko joera argia izan zen, eta 60. hamarkadan hasi zen indarberritze prozesu sendo bat. Duela 50 urte egongo ginen indarberritze prozesu horren hasiera xamarrean, fruituak ematen hasia zegoen ordurako, baina gerora gehiago eman zituen. Orduan, duela 50 urtetik hona hobeto gaude orokorrean, alor batzuetan gehiago, besteetan ez hainbeste eta bakarren batean okerrago ere egon gaitezke. Azkeneko 20 urteetan geldialdi batean gaude, ez dugu hobetzen jarraitu. 

Joerek diotenaren arabera, norantz doa euskara? Zein izango da hizkuntzaren egoera hemendik 25 urtera?

Ez da erraza hori aurreikustea, baina testuinguru orokorra da hizkuntza gutxituentzat haizeak oso kontra datozela. Mundu mailan egiten ari diren aurreikuspen guztiek esaten dute gutxipen haundi bat gertatuko dela mende honetan. Orduan, hizkuntza gutxituek ez daukagu bide erraza, eta indarrean dauden joera demografikoak kontuan hartuta, zerbait egiten ez badugu, orain arte egin dena baino gehiago egiten ez badugu, ziurrenik euskera ahulago egongo da hemendik urte batzuetara. 

Indarrean dauden oinarrizko dinamikek euskeraren garapena zailduko dute. Hitzaldian azpimarratzen saiatzen naizen ideia nagusia ondorengo da: esnatu eta erreakzio indartsu bat izaten badugu lana egin eta euskera lehentasunetara ekartzeko, euskerak aurrera egingo du; hori egiten ez badugu, berriz, atzeraka joaten hasiko gara.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!