Lerinen nagusi eta Beran laugarren, Hodei Lujanbio

Kronika - Erredakzioa 2024ko api. 16a, 00:00
Hodei Lujanbio, Sara Korrika Trail lasterketan, duela 10 egun.

Bi egunetan bi lasterketa eginda, asteburu bikaina osatu du goizuetarrak. Beran zortzigarren izan zen Araitz Irazu hernaniarra.

Sasoi bete-betean dabil Hodei Lujanbio mendi korrikalari goizuetarra, eta hala erakutsi du, beste asteburu batez. Bi egunetan bi proba osatu ditu, eta bietan eman du maila bikaina. Larunbatean, nagusitasun haundiz irabazi zuen Trail Pinares de Lerin lasterketa (16 kilometro), 1:17:56 denborarekin, Moha Ouyart iruindarraren (1:25:19) eta Ion Andreu azkoitiarraren (1:27:15) aurretik. Igandean, berriz, Berako Mendi Maratoi Erdian (21 kilometro) aritu zen, eta laugarren bukatu zuen, 1:49:46 denborarekin. Iñaki Olano altzotarra (1:44:53), Damien San Martin hendaiarra (1:46:33) eta Xabier Macias iruindarra (1:47:20) soilik izan zituen aurretik, 500 partehartzaile eta oso maila haundiko proban.

Gainera, lasterketa berean, bikain aritu zen Araitz Irazu hernaniarra ere: zortzigarren sailkatu zen emakumezkoetan, ibilbidea 2:26:41 denboran osatuta. Maddalen Jimenez beratarrak irabazi zuen (2:12:17), Itxaro Zabaleta leitzarraren (2:14:09) eta Maud Combarieu urruñarraren (2:16:09) aurretik.

Igandean bertan, bestalde, Arrasate-Udalatx mendi lasterketa (21 kilometro) ere jokatu zen, eta 18garren sailkatu zen Jon Ander Olazabal hernaniarra (2:08:07). Sekulako maila izan zen bertan ere.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!