Aiestaran VI.a Berria Txapelketako finalera sailkatu da

Kronika - Erredakzioa 2024ko api. 16a, 00:00

Atzo aukeratu zituzten finalerako pelotak eta aurkariak Jabalera eta Goikoetxea VI.a izango dira Galarretan.

Berria Erremonte Txapelketako finala orain arteko bi bikote onenek jokatuko dute datorren larunbatean, apirilaren 20an, Galarretan. Jabalera-Goikoetxea VI.a bikoteak, Gurrutxaga-Aiestaran VI.a bikotearen aurka neurtuko dituzte indarrak euren finalerdiak irabazi eta gero. Orain arteko hiru partiduak irabazi dituzte bi finalistek, eta finalerdietan 2-0 nagusitu ziren Zaldua II.a-Eskudero eta Irazu-Zaldua bikoteen aurka, hurrenez hurren.

Beraz, Aiestaran VI.a hernaniarra finalera iritsi da, maila altua erakutsi eta gero. Bigarren finalerdia maila onean jokatu zuten erremontistek. Lehenengo seta 15-8 amaitu zen Gurrutxaga eta Aiestaranen alde. Sakearekin min egiten zuten atzelariek eta erreskadan tanto mordoa lortzen zuten bikoteek. 5-8 aurreratu ziren Irazu eta Zaldua, baina 10-0ko partzial batek erabaki zuen lehenengo set hori, Gurrutxaga eta Aiestaranen alde. 

Bigarren seta berdinduagoa izan zen. Markagailua orekatuago joan zen, baina bosnako berdinketa eta gero lau tantoko alde erabakigarria lortu zuten gorriek. Kontrolpean eraman zuten partidua eta azken seta, nahiz eta Gurrutxagaren huts batzuen ondorioz hamabinako berdinketa igo markagailura. Hala ere, aurrelariak buelta eman zion momentu txar horri eta hiru tanto jarraian egin zituen 15 eta 12ko azken markagailua igotzeko. Aiestaran oso seguru aritu zen eta gorriek sendotasuna erakutsi zuten.

Finala datorren larunbatean jokatuko da. ETBk zuzenean eskainiko du jaialdiko bigarren txandan. Material aukeraketa atzo arratsaldean egin zen Galarretan. Bi bikote finalistak sasoi betean iristsiko dira finalera eta ikuskizun ona espero da Hernaniko frontoian.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!