Literaturarekin hiru hitzordu aste honetan, Biterin eta Erriberan, gaurko bi solasaldiekin hasita

Kronika - Erredakzioa 2024ko api. 16a, 00:00
Joannes Jauregi itzultzaileak hartuko du parte Irakurketa Klubaren saioan.

'Emakume izoztua' liburuari buruz ariko dira gaur Biterin, Emakumeen Euskal Literatura Mintegian; eta 'Winesburg, Ohio' izango dute hizpide Erriberan, Irakurketa Klubaren saioan. Ostiralean, ipuin kontaketa izango da Erriberan.

Hileroko literatur saioetatik, hiru izango dira aste honetan, Hernaniko Biteri kultur etxean eta Astigarragako Erribera kulturgunean. Gaur bertan izango dira aurreneko biak, gainera; biak ere, liburu bati buruzko solasaldiak.

Hernanin, gaur egingo du apirileko saioa Emakumeen Euskal Literatura Mintegiak. Arratsaldeko 18:30etan hasiko da, eta Alaine Agirrek gidatuta, Annie Ernaux idazle frantziarraren 'Emakume izoztua' liburuari buruz ariko dira. Lehenago ere landu izan dute Ernauxen libururik mintegian: iazko otsailean, 'Pasio hutsa' obraz aritu ziren. Oraingoan landuko dutena, 'Emakume izoztua', 1981ean idatzi zuen Ernauxek ('La Femme gelée' izenburuarekin, frantsesez). Gema Lopez Las Herasek euskeratu zuen joan den urtean. 

Emakume bat da protagonista, irakaslea, ezkondua eta bi seme-alabarekin. Berdintasunez banatu nahi dituzte etxeko lanak bikotean, baina jasotako heziketak, arau ezarriek eta inertzia sozialek bere gain utziko dituzte etxeari, haurrei eta heziketari dagozkien zeregin guztiak. Bere esperientzia kontatuz, agerian utziko ditu Mendebaldeko emakumezkoak harrapatuta dauzkan amarrua, emakume izoztu bihurtu dituen patua.

 

Joannes Jauregi itzultzailea, Irakurketa Klubaren saioan

Erribera kulturgunean, berriz, Irakurketa Klubak egingo du hilabete honetako saioa gaur, arratsaldeko 19:30etan hasita. 'Winesburg, Ohio' liburuaz ariko dira, Sherwood Anderson idazle estatubatuarrak 1919an argitaratutakoa. Joannes Jauregik euskeratu zuen 2022an. Isabel Etxeberriak gidatuko du saioa, eta bertan egongo da Joannes Jauregi bera ere, liburuaren nondik norakoak azaltzeko. Doakoa eta irekia izango da partehartzea.

22 istorio biltzen ditu liburuak, Winesburg herrixkan gertatzen direnak. Industrializazio garaia iritsi baino lehen, desagertzera doan landa-bizitza eta herri giroko itotasuna ematen ditu aditzera liburuak, eta istorio guztiek dute bigarren mailako pertsonaia komun bat: George Willard, bertako egunkariko kazetaria. Beti dago presente, herritarrek beren kezka, amets eta desirak kontatzen baitizkiote kazetariari.

 

'Azalerako ipuinak' ostiralean, Saroa Bikandiren eskutik

Erriberan bertan, baina ostiralean, ipuin kontaketa saioa izango da, 17:00etan hasita liburutegian. 'Azalerako ipuinak' eskainiko ditu Saroa Bikandi kontalariak, 1 eta 3 urte bitarteko haurrei zuzenduta, euskeraz. Heldu batek lagunduta joan beharko dute haurrek saiora. Tokia mugatua izango denez, gonbidapenak zozketatu egingo dituzte. Izena eman dutenen artean gaur bertan egingo dute zozketa.

Ipuin kontaketa saioan, giro lasaia eta atsegina sortuko du Saroa Bikandik, ukimena, ipuinak, poemak, kantuak, jolasak edota liburuak baliatuz. Izan ere, entzumena ez ezik, beste zentzuak ere izan daitezke literaturarako ate ireki bat.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!