Udalek hiru helburu finkatu dituzte txotx garaiko eredua aldatzeko

Kronika - Erredakzioa 2024ko api. 13a, 00:00

«Kezkatuta» agertu dira Xabier Lertxundi Hernaniko alkatea eta Xabier Urdangarin Astigarragako alkatea. Adierazi dute erakundeen arteko mahaia osatzeko Jaurlaritzaren eta Aldundiaren erantzunaren zain jarraitzen dutela.

Ohar bateratu baten bidez, txotx garaiko eredua aldatzeko hiru helburu finkatu dituztela jakinarazi dute Hernaniko eta Astigarragako Udalek. Bi Udalen xedea da sagardoaren kultura urte osora zabaltzea, larunbatetan herrietara iristen den jendetza gutxitzea eta bi herrietako biztanleek plazak berreskuratzeko tresnak martxan jartzea. 

Lan ildo horiek ardaztuko dituzte hemendik aurrerako neurriak eta erabakiak: «Garrantzitsua ikusten dugu urratsak egiten hastea, oreka bat bilatze aldera. Ildo horretan, eta kontuan hartuta sagardoaren eta sagarraren kulturak bi herriotako nortasunean duen garrantzia, bi Udalek neurriak hartu nahi ditugu kultur hori urte osoan zehar sustatzeko», azaldu dute. 

Xabier Lertxundi Hernaniko alkatea eta Xabier Urdangarin Astigarragako alkatea «kezkatuta» agertu dira, egungo ereduarekin sagardoaren kultura «desprestigiatzen» ari delako: «Larunbatetan nagusitu den txotx eredua aldatu egin behar da, bi herrietako herritarrentzat larunbat arratsaldean kalean batzen den jendetza, eta horrek sortzen dituen ondorioak, jasangaitzak direlako». 

Alkateek nabarmendu dute otsailetik apirila amaitu arteko tartean izaten direla eragozpen haundienak, eta tarte hori luzatzeak ondorioak areagotzen dituela diote: «Txotx denboraldia luzatzearekin batera, esate baterako, bizilagunek jasan behar izaten dituzten eragozpenak ez ezik, Udalek hartu beharreko neurriak, segurtasuna eta garbitasuna mantentzeko, kostu haundiagokoak dira». 

Udalek egoera aztertzen jarraitzeko konpromisoa berretsi dute, beste erakundeekin eta herrietako eragileekin elkarlanean: «Aurrera begirako lan ildoak herriko eragileekin landu eta adostu nahi ditugu». 

 

Jaurlaritzaren eta Aldundiaren erantzunaren zain jarraitzen dute Udalek

Hernaniko eta Astigarragako alkateak otsailean elkartu ziren Jaurlaritzako eta Aldundiko ordezkariekin, eta erakundeen arteko mahai bat osatzeko eskaera egin zieten bertan. Orain, Udaletatik adierazi dute  bi erakundeen erantzunaren zain jarraitzen dutela: «Agindu arren, Jaurlaritzak eta Aldundiak oraindik ez diote eskaera horri erantzun. Bi Udalok berretsi nahi dugu mahai horren beharra, eta azpimarratu apirilaren 21eko hauteskundeen ostean eratuko den gobernu berriari ere eskaera bera egingo diogula».

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!