Legebiltzarkideak aukeratzera deituak, 16.261 hernaniar eta 5.746 astigartar

Kronika - Erredakzioa 2024ko api. 13a, 00:00
Eusko Jaurlaritzarako hauteskundeak apirilaren 21ean izango dira.

Eusko Legebiltzarrerako hauteskundeak izango dira apirilaren 21ean, bihar zortzi.  18 urtetik gorako Hernaniko eta Astigarragako biztanleek hamaika alderdiren artean erabakiko dituzte Gipuzkoako 25 ordezkariak Gasteizeko Legebiltzarrean.

Eusko Legebiltzarrerako hauteskundeak apirilaren 21ean, bihar zortzi, izango dira. 2020an pandemiaren erdi-erdian, uztailean izan ziren azken hauteskunde autonomikoak. Oraingoan hilabete data ohikoago batera itzuli dira hauteskundeak, udaberrira. Udara aurretik Legebiltzarra osatuko da.

Iñigo Urkulluk otsailean iragarri zituen eta hamabi urte lehendakari izan eta gero, 2024an ez da aurkeztuko lehendakari gai bezala. Guztira, 1.795.212 lagun daude botoa ematera deituta, Euskal Autonomia Erkidegoan; horietatik, 587.711 lagun Gipuzkoan, eta azken hauetatik, 16.261, Hernanin, eta 5.746, Astigarragan.

Goizeko 09:00etan hasi eta iluntzeko 20:00ak arte izango da aukera, Gas­teiz­ko parlamentua osa­tzen duten 75 ordezkariak eta hurrengo lehendakaria aukeratzeko bo­toa emateko. Herrialde ba­koitzean, (Gipuzkoan, Bizkaian eta Araban), 25na legebiltzarkide aukeratuko dira. 

 

Inkesten arabera berdintasun haundia izango da EH Bildu eta EAJren artean

Aurtengo hauteskundeetan lehia estua espero da EH Bildu eta EAJren artean. Inkesta guztien arabera eserleku gutxi batzuren arteko tartea izango da alderdi baten eta bestearen artean. Gaur eta bihar artean oraindik eta inkesta gehiago kaleratuko dituzte enpresa demoskopikoek. Berdintasun horren aurrean, gehiengoak osatzeko hirugarren alderdi baten beharra beharrezko izango da seguruenik. Astebete geratzen da hauteskunde kanpaina amaitzeko eta azken botoen bila arituko dira hautagaiak. Hala ere, emaitzak jakiteko ez da askorik geratzen. 

 

Hamaika alderdi edo koalizio, aukeran

Araban eta Bizkaian 11 eta 13 alderdi edo koalizio egongo dira aukeran; Hernani eta Astigarragako hautesleek, be­rriz, Gi­puz­koan aurkeztu diren 11 aukeretako baten alde eman beharko dute botoa.
Hain zuzen, ondorengoak dira 11 alderdi edo koalizioak: EH Bildu, EAJ-PNV, PSE-EE, PP, Elkarrekin Podemos, Sumar, PACMA, Partido Político por un Mundo Justo, Escaños en Blanco, Vox eta Izan.

Hernanin mahaiak jarriko dira: Biterin, Elizatxon, Haur Eskolan, Gabriel Zelaian, Laubidietan, Larramendin, Zikuñagan eta Ereñotzuko Txirritan; Astigarragan, Erribera Kulturgunean.

Alderdi batzuek, gainera, zehaztu dute zein lehendakarigai aurkeztuko duten: Imanol Pradales, EAJ-PNVk; Pello Otxandiano, EH Bilduk; Eneko Andueza, PSE-EEk; Javier de Andres, PPk; Miren Gorrotxategi, Elkarrekin Podemosek; Alba Garcia, Sumarrek; eta Amaia Martinez, Voxek.

 

Eusko Legebiltzar berria udara aurretik osatuko da

Hauteskunde eguna pasata, botoak kontatu eta Legebiltzarreko kideak aldarrikatzeko epea irekiko da. Segidan, auzi-errekurtsoetarako tartea irekiko da, eta ondoren, Lege­biltzarra osatzeko epea izango da. 

Segidan, Legebiltzarreko Gan­­­bera aurrenekoz biltzen da, eta Legebiltzarreko Mahaia osatzen da, presidentea, bi presidenteorde eta bi idazkarirekin.
Mahaia izendatuta, Lege­biltzarreko presidenteak osoko bilkura edo Plenoa deitzen du, Lehen­dakaria aukeratzeko. Bertan, legebiltzar taldeek beren le­hen­dakarigaia aurkezten dute aurrena, eta hauek, Gan­beraren aurrean beren gobernu-programa ezagutzera ematen dute; legebiltzar taldeek ere izaten dute aukera parte hartzeko, segidan.
Guztia bukatuta, botazioa egiten da, lehendakarigaietako bat aukeratzeko. Legebiltzarra osatu eta 60 egunera oraindik Le­hen­dakaririk aukeratuko ez balitz, Ganbera desegin, eta hauteskundeak berriro deituko lirateke.

 

75 legebiltzarkide aukeratzen dira eta 38an dago gehiengo absolutoa

1990eko legeak %3ko muga ezartzen du herrialde bakoitzean, ordezkaritza lortu ahal izateko herrialdean bertan.

Hautestontzietan lortzen diren emaitzak eserleku bihurtzen dira. Horrela, D 'Hondt Legea jarraitzen da. Victor d 'Hondt legelari belgikarrak 1878an sortutako bidezko ordezkaritza politikoko sistema bat da, proportzionaltasuna bermatu nahi duena. 

1990eko Eusko Legebiltzarrerako Hauteskundeen Legeak eta 1979ko Autonomia Estatutuak 75 eserleku ezartzen dituzte Euskal Autonomi Erkidegoko Legebiltzarrean. Hauteskunde-barruti bakoitzak 25 aukeratzen ditu, hau da, erkidegoa osatzen duten herrialde bakoitzak -Arabak, Gipuzkoak eta Bizkaiak-. Horrek esan nahi du ez dela kontuan hartzen dentsitate demografikoa.
Horrela, gehiengo absolutua lortzeko 38 eserleku batu behar dira. 1990eko Legeak ere botoen %3ko muga ezartzen du herrialde bakoitzean, ordezkaritza lortu ahal izateko. Horrela, botoen ehuneko hori gutxienez lortzen ez duten alderdiak aulkien banaketatik kanpo geratuko dira.

 2020an sortutako Eusko Legebiltzarra

2020ko azken hauteskunde autonomikoen ostean, Iñigo Urkulluk beste legegintzaldi batez berretsi zuen hautagaitza. Horretarako, EAJ bere alderdiaren eta PSE-EEren babesa behar izan zuen. Eusko Legebiltzarra honela osatu zen: 31 eserleku EAJ-PNVrentzat; 21 eserleku EH Bildurentzat; 10 eserleku PSE - EErentzat; 6 eserleku Podemosentzat; 6 eserleku PPrentzat; eta aulki 1 Voxentzat. Gipuzkoan honakoak izan ziren emaitzak: EAJ 10, EH Bildu 9, PSE-EE 3, Podemos 2, PP 1. Bizkaian: EAJ 12, EH Bildu 6, PSE-EE 3, Podemos 2 eta PP 2. Araban honela banatu ziren: EAJ 9, EH Bildu 6, PSE-EE 4, PP 3, Podemos 2 eta Vox 1.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!