Astrologiara hurbiltzeko aukera izango da Hernanin eta Astigarragan

Kronika - Erredakzioa 2024ko api. 12a, 00:00

Zilegi Eskolak antolatuta, Izaro Susperregi adituak hiru saio eskainiko ditu datozen asteetan.

Zilegi Eskolak antolatuta, astrologiara hurbiltzeko aukera izango dute bailarako herritarrek. Izan ere, Izaro Susperregik, astrologia psikologikoan adituak, gai horretara gerturatzeko lehenengo gakoak emango ditu, eta karta natalaren aurkezpena egingo du: «Astrologia zer den eta autoezagutzarako tresna gisa nola erabili daitekeen azalduko du, baita karta natal bat ulertzeko oinarrizko kontzeptuak ere. Hori guztia modu erraz, dinamiko eta partehartzailean», azaldu dute antolatzaileek.

Hernanin bi saio eskainiko ditu Susperregik. Lehenengoa apirilaren 15ean izango da, datorren astelehenean, arratsaldeko 18:00etan. Bigarrena, berriz, apirilaren 22an izango da, goizeko 09:30etan. Bi saioak Biteri kultur etxean eskainiko ditu. Ondoren, hilaren 25ean, Astigarragan eskainiko du ikastaro laburra. Goizeko 09:30etan izango da, Kultur etxe zaharreko aretoan.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!