Bailarako sei bertsolari arituko dira Gipuzkoa Bertsotan sailkapen fasean

Kronika - Erredakzioa 2024ko api. 9a, 00:00
Bi itzulitara jokatuko dute Gipuzkoa Bertsotan sailkapen fasea.

Apirilaren 25ean hasiko da Gipuzkoako Bertsolari Txapelketara sailkatzeko Gipuzkoa Bertsotan fasea. Azkeneko saioa ekainaren 2an izango da, Hernanin. Epaileen artean ere badaude bailarako ordezkariak. 

Bost urteren ondoren, bueltan da Gipuzkoako Bertsolari Txapelketa. Udazken honetan jokatuko dute txapelketa, eta hilabete honen bukaeran hasiko da Gipuzkoa Bertsotan sailkapen fasea; apirilaren 25ean izango da lehenengo saioa Eskoriatzan, eta ekainaren 2an azkena, Hernanin.

Aurtengoan ere bertsolari ugarik eman dute izena Gipuzkoa Bertsotan fasean. Guztira, 74 arituko dira udazkenerako txartelaren bila, horietatik 6 bailarako bertsolariak: Andoni Mujika Izagirre 'Anatx' (Osiñaga), Arnaitz Lasarte Santa Kruz (Ereñotzu), Eli Pagola Apezetxea (Ereñotzu), Iker Ormazabal Ojeda 'Tturko' (Hernani), Ekain Tolaretxipi Errazti (Hernani) eta Andoni Rekondo Izagirre (Hernani). Epaileen artean ere badago bailarako ordezkaririk, lan horretan arituko baita Estitxu Agirre hernaniarra. Udazkenean, berriz, Amaia Otxotorena Gamio (Ereñotzu), Bakarne Urreaga Etxeberria (Hernani) eta Iñigo Legorburu Arregi (Hernani) ariko dira epaile lanetan, txapelketa hastearekin batera. 

Sailkapen fasearen egiturari dagokionez, bertsolariak bi multzotan banatuta egongo dira, A multzoan eta B multzoan, eta bi itzuli egingo dituzte. Lehenengo itzulian bertsolari guztiek hartuko dute parte, 12 saiotan banatuta. Saioak ostegun eta ostiral arratsaldetan izango dira, 19:00etan hasita, eta lehenengo galbahea bertako puntuazioetatik egingo da. Izan ere, bigarren itzulira multzo bakoitzeko 23 bertsolari onenak eta puntuazio altuena duten hurrengo biak (multzo berekoak izan daitezke) sailkatuko dira; 48 bertsolari guztira. Bigarren itzulian larunbat eta igande arratsaldetan jokatuko dira saioak (17:00), eta Hernanin izango da azkena, ekainaren 2an. 

Bigarren itzulia amaitzen denean erabakita egongo da zein bertsolarik abestuko duten Gipuzkoako Bertsolari Txapelketan. Multzo bakoitzeko 17 bertsolari onenak sailkatuko dira udazkeneko fasera. 

Gipuzkoa Bertsotan faseko informazio guztia eskuragarri dago Gipuzkoa Bertsotan webgunean, eta saio guztietako sarrerak salgai daude jada ondorengo  estekan

Udazkenean hasiko dira bailarako zenbait bertsolari

2019ko Gipuzkoako Bertsolari Txapelketan lortutako emaitza ona dela eta, zuzenean udazkeneko fasera sailkatu dira zenbait bertsolari. Horixe da Agin Laburu astigartarraren eta Eñaut Martikorena hernaniarraren kasua. Multzo horretan ere badaude Hernaniko Bertso Eskolan aritutako bertsolariak; Unai Gaztelumendi, Beñat Gaztelumendi, Asier Azpiroz eta Nerea Elustondo, esaterako. 

Gipuzkoako Bertsolari Txapelketa irailaren 14an hasiko da, eta abenduaren 14an izango da final haundia.

 

BAILARAKO BERTSOLARIEN SAIOAK

APIRILAK 26, GABIRIA

  • Andoni Mujika Izagirre 'Anatx'
  • Aitor Tatiegi Loidi (Oñati)
  • Aitor Zubikarai Salegi (Itziar)
  • Maider Arregi Markuleta (Oñati)
  • Urko Egaña Calderon (Azpeitia)
  • Uxue Fernandez Lasa (Alegia)


MAIATZAK 2, ALTZO

  • Iker Ormazabal Ojeda 'Tturko'
  • Danel Olano Eizagirre (Getaria)
  • Eneritz Artetxe Eizagirre (Azkoitia)
  • Jon Gurrutxaga Urbieta (Azpeitia)
  • Manex Mujika Amunarriz (Donostia)
  • Mikel Etxezarreta Lasa (Olaberria)


MAIATZAK 3, ORIO

  • Arnaitz Lasarte Santa Kruz
  • Ane Beloki Lopez (Legazpi)
  • Aratz Igartzabal Bidegain 'Potto' (Gabiria)
  • Axier Bergaretxe Gezala (Oiartzun)
  • Martin Berrizbeitia Zugazagasti (Aretxabaleta)
  • Beñat Iguaran Amondarain (Amasa-Villabona)


MAIATZAK 9, IDIAZABAL

  • Eli Pagola Apezetxea
  • Aner Peritz Manterola 'Euzkitze' (Zarautz)
  • Endika Igartzabal Murua (Gabiria)
  • Igauri Lopetegi Amostegi (Irun)
  • Mikel Iturriotz Etxaniz (Urretxu)
  • Oier Etxeberria Zubimendi (Azpeitia)


MAIATZAK 9, GETARIA

  • Ekain Tolaretxipi Errazti
  • Jon Altuna Arteaga (Añorga)
  • Odei Lopez Larrauri (Legorreta)
  • Oier Aizpurua Olaizola (Zarautz)
  • Txomin Azpiroz De Pedro (Anoeta)
  • Urko Arregi Markuleta (Oñati)


MAIATZAK 17, OÑATI

  • Andoni Rekondo Izagirre
  • Aimar Sorazu Roteta (Zarautz)
  • June Aiestaran Iparragirre (Beasain)
  • Lierni Rekondo Villaron (Lasarte)
  • Maddi Aiestaran Iparragirre (Beasain)
  • Maide Garmendia Jauregi (Zaldibia)
Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!