Arluziaga eta Zubiri Berria Txapelketatik kanpora, Zaldua II.aren eta Eskuderoren aurka galdu eta gero

Kronika - Erredakzioa 2024ko api. 9a, 00:00
Zubirik ez du Berria Txapelketako finalerdia jokatuko.

2-1 (15-11, 14-15 eta 8-6) amaitu zen ligaxkako azken partidua, eta irabazleek finalerdietan Jabalera eta Goikoetxea VI.a izango dituzte aurkari. Gurrutxaga-Aiestaran VI.a eta Irazu-Zaldua I.a, beste finalerdian.

Berria Erremonte Txapelketako finalaurrekoak osatu dira, ligaxkakako azken partidua jokatu eta gero. Zaldua II.ak eta Eskuderok 2-1 (15-11, 14-15 eta 8-6) gainditu zituzten Mattin Arluziaga hernaniarra eta Aritz Zubiri goizuetarra, eta finalerdietara sailkatu ziren, B multzoan bigarren amaitu eta gero, puntu bakarrarekin. Galtzaileek ere puntu bakarrarekin amaitu zuten ligaxka, baina txapelketatik kanpo geratu ziren, euren arteko partidua galdu ondoren. Beraz, aste hontako larunbateko finalerdian, Zaldua II.ak eta Eskuderok Jabalera eta Goikoetxea VI.a izango dituzte aurkari. Beste finalerdia jokatuko du Gurrutxaga-Aiestaran VI.a bikoteak, Irazu-Zaldua I.a bikotearen kontra. Bailarako lau erremontarik hasi zuten txapelketa, baina finalerdietara bakarra sailkatu da, Aitor Aiestaran.

 

Merezitako garaipena

B multzoko eta ligaxka osoko azken partidua berdindua izan zen, baina bikote sendoagoa osatu zuten Zalduak eta Eskuderok. Merezitako garaipena izan zen. Lehenengo bi setetan garaileena izan zen ekimena. Zalduak gidaritza eraman arren, Eskuderok ez zuen akatsik apenas egin, eta horrek eraman zituen garaipenera. Gorrietan Zubiri sendo aritu zen, eta partiduko erremontaririk onena izan zen, baina aurrean Arluziagak ez zituen baliatu tantoak amaitzeko aukerak.

Aurreneko setean ekimena, alde txikiekin, urdinena izan zen. Bi eta hiru tantoko abantailak set osoan zehar mantendu zituzten, eta azkenean 11-15 lortu zuten lehen partzial hori irabaztea. Bigarren seta hobeto hasi zuten gorriek, eta 7-5 jarri ziren aurretik. Hala ere, urdinek ongi erreakzionatu zuten, eta 7-9 hartu zuten aurrea. 12-14 ere izan ziren markagailuan, eta tanto bakarrera zeukaten finalerdia, baina Zubirik agintea hartu eta hiru tanto jarraian eginez 15-14 berdindu zuten partidua. Azken setean berdintasun haundia izan zen. 2-4 aurreratu ziren urdinak Zalduari esker, baina gorriak 5-4 jarri ziren, Arluziagaren bi tantorekin eta Zubiriren batekin. Hortik aurrera, urdinek hobeto baliatu zituzten euren aukerak. Zalduak tantoak amaitzea lortu zuen, eta gorriek, aldiz, ez zuten asmatu.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!